Ortuzar: “Guk erantzukizuna Euskadirekin dugu: euskal esparrua bermatu ezean, lan erreformari ezetza emango diogu”

EBBren presidenteak ohartarazi du ezin dela espero EAJ-PNVk bozkatzea “gure printzipioen kontra” doan zerbaiten alde , eta gogora ekarri du talde jeltzaleak Euskadin legez blindatu nahi duen akordioak “patronalaren eta sindikatuen %100aren abala” jaso duela
20
Urtarrila
EBB
PARTEKATU
20 Urtarrila | EBB

“Baldintza bakar bat jarri dugu: enpresetako hitzarmenetan eztabaida pizten denean, langileak babesteko markoa autonomikoa izan dadila: gure kasuan, Euskadiko lanbide arteko akordioa. Hau indarrean egon zen aldikada batean eta mundua ez zen erori. Hori bermatu ezean, EAJren botoa ezetza izango da”. Argi bezain sendo hitz egin du gaur Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek sei diputatu jeltzaleek otsailaren 4an, lan erreformaren bozketan emango duten botoaz galdetu diotenean. Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, buru abertzaleak hiru gai utzi nahi izan ditu argi baino argiago: tartean dauden eragile guztiek duela hilabete batzuetatik ezagutzen dutela EAJ-PNVren planteamendua eta hala ere ez dutela proiektuan jaso; EAJ-PNVk legez blindatu nahi duena dela Euskadin patronalaren eta sindikatuen abala jaso duen akordioa; eta EAJ-PNVren erantzukizuna Euskadirekin eta euskal hiritargoarekin dela, eta ez beste inorekin.

“Espekulazio ugari egin da EAJren jarreraren inguruan. Esan dute, azken finean, gu oso arduratsuak garelako, azkenean lan erreforma onartuko dugula… Bada, guk erantzukizuna Herri honekin daukagu, eta Herri hau, guretzat, Euskadi da, euskal hiritargoa. Eta erantzukizun horrek garamatza hitzarmen autonomikoen prebalentzia defendatzera, kasu honetan Euskadiko lan harremanen markoa eta ez Estatukoa. Hau bermatu ezean, EAJren botoa ezetza izango da. Ez da abstentzio taktikorik izango, ezta gauzak pasatzen uztea ere. `Ezetza´ izango da. Eta argi bezain sendo esaten dut, akordioa izenpetu baino lehen, nik neuk, pertsonalki, mahaikide guztiei esan diedalako: Sánchez presidenteari, Díaz presidenteordeari, sindikatu biei eta patronalari. Denek dakite, gai honetan eskarmentua badugulako, EAJk `ez´esango duela, gai hau jasotzen ez bada”, baieztatu du Ortuzarrek. Presidente jeltzaleak erantzun nahi izan die akordioa Diputatuen Kongresuak ezinbestean onetsi behar duela esaten dutenei , Espainiako patronalaren, sindikatuen eta Gobernuaren abala jaso duela argudiatuta. “Guk babestu nahi dugun lanbide arteko akordioak ere jaso du Euskadiko sindikatuen eta patronalaren %100aren babesa”. Ortuzarrek amaitu du esanez EAJ-PNVk edo berak ez luketela nahi lan erreformari buruzko akordioa apurtzerik “eta ez nuke inor joaterik nahi. Baina ezin dute espero guk nahi ez duguna irenstea eta sinesten ez dugun zerbaiten alde bozkatzea, eta ez hori bakarrik, Alderdi gisa dugun printzipioetako baten konta egitea. Hau ( lan harremanen euskal markoaren defentsa) horietako bat da, eta ez dugu amore emango. Inork ez dezala baliatu EAJren erantzukizun historikoarena: EAJren erantzukizun historikoa Euskadirekin da”.

EBBren presidenteari ere galdetu diote Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren transferentziaren inguruan, eta gai honetan ere hitz egin nahi izan du ahal izan duen argien. “ lan erreformarena gai garrantzitsua da baina Gobernuak aurrera ateratzea lortzen badu (beste alderdiekin), bada, atera egingo duela; hau bete gabe uzten bada (BDGSren transferentzia) egia da dena pikutara joango dela”, baieztatu du hika-mikaren testuingurua azaldu ostean. “Transferentzia hau izenpetu nuen Carmen Calvo ministro andrearekin 2020ko maiatzaren 20an; ondoren, beste akordio bat izenpetu genuen arautzeko, BDGSren Legea izapidetu zenean; eta iragan abenduan, Aurrekontu Orokorren markoan,eta Escrivák denari atzea bilatzen diolako, berriro egin behar izan dugu. Baina orain, azken papera bidali behar zigutenean, bilbatu genuen akordioaren idazpuruan Gobernu bien izena jartzea besterik ez zegoenean, albotik sartu nahi digute erabat onartezina den zerbait: transferentzia izan dadila behin behinekoa, hasiera batean hamar urterako eta ondoren luza daitekeena. Hori ez da transferentzia bat, beste gauza bat da. Eta hori ez da guk hitzartu genuena, ezta Gernikako Estatutuak jasotzen duena ere”, azaldu du Ortuzarrek amaitu baino lehen: “Eusko Jaurlaritzak agiri bat bidali du Gobernuaren jarrera jasotzen duena, alderdi biena, PSE-EE gai honetan lan ona egiten ari delako. Eta espero dut agiri hori izenpetzea, ezusteko gehiagorik gabe. Eta hau betetzen ez badigute, egia da denak porrot egingo duela”, amaitu du.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ