Larrabetzuko batzokiaren aurka egin den azken erasoa gaitzetsi du BBBk

BBBk eraso horien egileei berehala bertan behera uzteko eskatu die berriro, eta euskal alderdi politiko guztiei gaitzespenarekin bat egiteko eskatu die
Larrabetzuko batzokiaren aurka egin den azken erasoa gaitzetsi du BBBk
28 Maiatza | BBB

Bizkai Buru Batzarrak gogor gaitzetsi nahi du beste batzoki baten aurka egin den erasoa. Larrabetzuko jeltzaleen egoitza, azken asteotan ohitura bihurtu denarekin jarraituz, `amnistia´ eskatzeko, Patxi Ruiz ETAko presoaren `egarri eta gose’ greba gogora ekartzeko eta EAJ-PNVri `kartzelari´ deitzeko pintadekin agertu da gaur goizaldean, talde jeltzaleak egoera horrekin zerikusirik izango balu bezala. BBBk askatasunaren eta demokraziaren aurkako eraso horien egileei eskatzen die berehala halako ekintzak egiteari utz diezaiotela, eta euskal alderdi politiko guztiei eskatzen die ekintza justifikaezin eta onartezin horien gaitzespenarekin bat egin dezatela modu argi eta irmoan, are gehiago 2020an, euskal gizarteak indarkeriazko adierazpen horiek aspaldi atzean utzi zituela gogoan.

Eraso horiek agerian uzten duten gauza bakarra zera da, anonimotasunean koldarki babestuta dauden pertsona horiei bide demokratiko luzea egitea falta zaiela, elkarrenganako errespetatuarekin eta bakean bizi ahal izatea aspaldian aldarrikatu zuen herri baten ondoan egin beharko luketena. Ez da garaia beste garai batzuetako gertakarietara berriz bueltatzeko; orain, inoiz baino gehiago, bide hori zaharkituta dago, eta horrelako adierazpenek gizarte honek uste duen bizikidetzarako bidea oztopatu besterik ez dute egiten.

Gaur goizaldekoarekin, 23 dira azken asteetan Bizkaian erasotako batzokiak. Hala, azken eraso hau gehitzen zaie Artea, Areatza, Bilbo Zaharra, Deustu, Arrankudiaga, Sabindarrak (bi aldiz), Begoña, Erandio Goikoa, Ariz (Basauri), Durango, Abadiño, San Miguel (Basauri), Gurutzeta (Barakaldo), Gernika, Errepelega (Portugalete), Mungia, Algorta, Getxo Zaharra, Berango, Igorre eta Portugaleten egin direnei.

PARTEKATU