Krisitik ateratzeko lanari "desberdintasunak areagotu beharrean, murriztu egingo dituen ereduarekin" heltzeko konpromisoa hitzeman du Urkulluk

“Gizarte kohesioa da aurrera egiteko bermea, inor atzean utzi gabe: hemen ez da murrizketa sozialik egon, ezta egongo ere”, baieztatu du Lehendakariak Zumarragan, Ortuzarrekin eta Tejeriarekin batera eman duen mitinean

Krisitik ateratzeko lanari 30Ekainak
2020
2020 EkainaK 30 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Etorkizunari aurre egiteko funtsezko galdera da: `Krisi honetatik nola atera nahi dugu?´. Euzko Alderdi Jeltzalearen erantzuna argi baino argiagoa da: desberdintasunak areagotuko ez dituen eredua nahi dugu krisitik ateratzeko, desberdintasunak murriztuko dituena; denontzat aukera gehiago eta hobeak sortuko dituen eredua. Euskadirentzat daukagun proiektuaren xedea da gizarte kohesioari eustea: txarto pasatzen ari dena babestuko eta laguntza emango dion eredua, aurrera egiteko tresnak emango dizkiona”. Iñigo Urkulluk, Lehendakari eta berrautaketara aurkezten den hautagai jeltzaleak, Zumarragan aldarrikatu du gaur krisitik ateratzeko lanari erabakimenez eta ahalik eta gizarte kontzientziarik sendoenarekin heldu beharra, horiek baitira Jaurlaritzako buru gisa egin dituen legealdi bietako nortasun seinaleak. “Aurrekontu bakoitzean, orain arte onartu diren zazpi Aurrekontuetan, Osasun, Hezkuntza eta Gizarte Babeseko gastua handitu dugu. Hemen ez da murrizketarik egin:inbertsioa eta gastu arduratsua egin da. Baliabide publikoak handitu ditugu, horixe izan da gure lehentasuna. Ez da murrizketa sozialik egon, ezta egongo ere”, baieztatu du Urkulluk gaur Euskadi Plazan egin den ekitaldi politikoan. Ekitaldiko beste hizlariak izan dira Bakartxo Tejeria, Gipuzkoako zerrendaburu eta Eusko Legebiltzarreko presidentea, eta Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentea.

“Hemendik aurrera daukagun ataza delikatua,konplikatua eta garrantzi handikoa da”, azaldu du Urkulluk. “Ekonomia eta enplegua suspertu eta berroneratu behar ditugu. Hiru urte gogor dauzkagu aurretik. Denon artean lortuko dugu. Eta lortuko dugu gure ereduarekin eta gure printzipioekin, helburu nagusiagoa lehenetsiz: euskal gizartearen kohesioari eustea eta hobetzea. Euskadi dago Europako lehenetakoen artean berdintasunean eta gizarte kohesioan”, baieztatu du Arabako zerrendaburuak. “Osasunak, hezkuntzak eta gizarte babesak egiten dute dira gure gastu publiko osoaren zatirik handiena,hau da, %70etik gora. Euskal gizartea aitzindaria izan da gehien behar duten pertsonen aldeko gizarte politikak bultzatzerako orduan. Ez dago gizarte kohesioa baino lehiakortasun faktore handiagorik. 2019an lortu genuen langabezia %10etik jaistea. Oraingoan, berriz ere, hori da gure lehentasuna. Lortuko dugu”, bermatu du Urkulluk.

Andoni Ortuzarrek bere aldetik, bere diskurtsoan nabarmendu du zeinen beharrezkoa den uztailaren 12an EAJ-PNVk emaitza onak lortzea Eusko Jaurlaritza sendoa eratu ahal izateko, krisiaren alderdi larrienari erabakimenez eta kemenarekin ekin diezaion. Horregatik, esan du jeltzaleen buruak, “EAJren aldeko botoa eskatzea ez da alderdi batek eskatzen duen gauza berekoia: Euskadiren onbeharrez pentsatzea da; Euskadirentzat onena nahi izatea”, eta bere baieztapena azaldu du. “EAJtik kanpo, ideiarik eta proiektu seriorik ez dagoen basamortua dago. Gure oposizioak maila eskasa dauka. Hiru aukera daude eta egun batean eta hurrengoan, beren mezu bakarra izan da EAJren kontra hitz egitea. Baita `gezurrezko proposamenak´ aurkeztea ere. Eskuko kaieran apuntatzen hasi naiz beren gezur guztiak. Horietako baten arabera, bigarren egunean Euskadiko urteko aurrekontu guztia bider bi gastatuta izango zuten. Ez die axola!. Doan irteten zaie. `Gero, gobernatzeko ardura EAJrena izango denez, eurek esan dezatela hori ezinezkoa izango dela´. Ezin da jendeari ziria sartzen ibili. Egia esan behar da. Eta egia gordina da, baina ez dago oposiziokoek jendea beldurrarazteko eta EAJren kontra jartzeko helburu bakarrarekin esaten dutena bezain beltza”, tamaldu da Ortuzar. Urretxu-Zumarraga eskualde industriala da eta nora joan den jabetuta, buru abertzaleak bere sorterria ekarri du gogora (“Sanfuentesko semea naiz ni, Meatzaldekoa: iragan industriala partekatzen dugu, baita orain aldia ere, eta etorkizuna partekatzeko aukera izango ahal dugu!!”) eta aitortu du jabetzen dela “zeinen garrantzitsua den eskualde batean lana egotea. Lana izatea, enplegua sortzea, lehentasun nagusiena baita. Enplegua badago, ondoren beste guztia dator. Eta Euskadin, galdu ezin dugun indarra daukagu: gure industriaren indarra. Batzuek entelekiez, ezkerreko ardatzez hitz egiten duten bitartean, `kapitala edo bizitza´ bezalako eslogan tremendistak astintzen dituzten bitartean, eta krisia aprobetxatu nahi duten bitartean gehiago daukatenei zergak jaisteko, hau da, bere lagunei zergak jaisteko, gu `buzoa´ jantzita gatoz, enplegua babesteko, gazteentzat lanpostu berriak sortzeko, gure jendearentzat,euskal gizartearentzat, oparotasun eta ongizatea ekartzeko, amaitu du.

Bere aldetik, Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburuak pandemiari eta horren ondorioei aurre egiteko Jaurlaritza eta Legebiltzar "indartsu" baten beharra azpimarratu du. EAJk "Euskadiren susperraldiaren" buru izan nahi duela esan du. “Lidergoa nahi dugu, gauzak ondo eginez aurrera egiteko, herri hau berriro zutik jartzeko, guztion artean gizarte justu bat eta nazio aske bat eraikitzeko”. Zentzu horretan, EAJk liderra izan nahi du “ekonomia suspertzeko, enplegua sortzeko eta gizarte-babeserako euskal sistema indartzeko; bakea, bizikidetza, elkarbizitza eta giza eskubideen defentsa eragiteko; eta estatus politiko berri batekin gure herriaren borondate politikoa eguneratzeko". Hori guztia gauzatzeko, EAJk "liderra" dauka, Iñigo Urkullu lehendakaria, eta "proiektu anbiziotsua eta errealista bat, euskal herritarren beharrei eta nahiei erantzuteko proposamen zehatzekin”, esan du Bakartxo Tejeriak.

Interesatu Zaitez