Izaskun Bilbaok nabarmendu du Espainiak Euskadikoak moduko proiektuak behar dituela europako berreskuratze-planeko funtsak jaso ahal izateko

Izaskun Bilbao Barandicak nabarmendu duenez, "Next generation" Europako berreskuratze-programari lotutako funtsak jasotzeko Euskadik aurkeztu dituen proiektuak ez dira azken orduko ideiak, Euskadiko sektore estrategikoek duela urte batzuetatik hona digitalizazioaren edo trantsizio energetikoaren erronkak gainditzeko egiten duten lanari erantzuten baitiote. Planaren helburuekin bat datozen proiektuak dira, Europak Batasun osoan bilatzen dituenak eta Espainiak planaren funtsak lortzeko beharko lituzkeenak bezalakoak", gaineratu du
04 Urtarrila | Europako Legebiltzarra

Izaskun Bilbao Barandicari Euskadi Irratiko "faktoria" saioan egin diote elkarrizketa gaur goizean, eta Europako erakundeetan bizi den egoera aztertu du. Besteak beste aztertu dituzte Europako berreskuratze plana, Brexit-a ixteko akordioa, pandemiaren hirugarren olatua eta immigrazioaren gaia.

Europako Parlamentuko EAJko diputatu andreak azpimarratu ditu Europak COVIDaren krisiaren aurrean emandako erantzunen alderdi onak, eta arreta berezia jarri du berreskuratze-planean (Next Generation) eta batasunak osasun-arloan egindako ahaleginean; izan ere, hori izan da aste hauetan 27 estatu kideetan txertaketa-kanpaina masiboa hasteko aukera eragin duena.

Gai horietako lehenengoari dagokionez, Izaskun Bilbao Barandicak azpimarratu du oso garrantzitsua dela onartutako plana, finantza arlorako dakarrenagatik (maileguak eta diru-laguntzak) eta indar europazaleen aldarrikapen historikoetan aurrera egitea ahalbidetu duelako, hala nola Europako aurrekontuak finantzatzeko erkidego mailako baliabide propioen gehikuntzan. Horrez gain, funtsak zuzenbide estatuaren kalitatearekin baldintzatzeko borroka irabazi dutela azpimarratu du, eta estatuz estatu gai horri buruzko txosten bat urtero egiten dutela gogorarazi du.

Espainiako Gobernuari gardentasuna eta irizpide partekatuak eskatu dizkiotela azpimarratu du eurodiputatu jeltzaleak. "Guk Europari aurkeztu dizkiogunak bezalako proiektuak behar ditu Espainiako Gobernuak. Proiektu indartsuak eta zehatzak dira. Eta bat datoz EBk bilatzen dituen proiektuekin, digitalizazioan, trantsizio ekologikoan, prestakuntzan, osasunean eta abarretan oinarrituta, Europak bilatzen duena. Ez dira azken asteetako burutazio bat. Sektoreek epe luzera egindako lanaren emaitza dira, eta horiek aurkezteko aukera dugu orain". Izaskun Bilbao Barandicak ildo beretikzehaztu duenez, egokiena da Euskaditik eta Euskaditik Europako erakundeetara zuzenean aurkezteko aukera izatea, eta ziurtatu du, zaila bada ere, ahalegin guztiak egiten direla egun batean harreman zuzen hori errealitate bihurtzeko.

Txertaketa kanpainari dagokionez, Izaskun Bilbao Barandicak gogorarazi du martxan jartzeko aukera dagoela, "Inoiz ez bezala, Batasunak txertoak eskuragarri egon daitezen egin duen finantza, koordinazio eta ikerketa ahaleginagatik". Erantzun horren kalitatea ikusita, adierazi du itxaropena eta konfiantza dituela eta espero duela laster gaindituko direla arazo logistikoak, zenbait lekutan sektore ahulenei zuzendutako txertaketaren lehen etapak moteltzen baitituzte.

Europako diputatu jeltzaleak era berean aipatu ditu Brexit-a behin betiko ixtera begira Europako Parlamentuak aztertu beharko duen akordioarekin lotutako zenbait alderdi. Mekanismoa deskribatu du, eta lan hori noiz egingo den zehaztu du; onartu du prozedura demokratikoki hobetu daitekeela, epeak laburrak direlako, baina positibotzat jo du akordioa, dituen ziurgabetasunengatik. Besteak beste, eremu ekonomikoen arteko lehia desleiala saihesteko arbitraje-prozedura eta Euskadirentzat duen garrantzia aipatu ditu, Erresuma Batuarekin dituen harreman handiak ikusita.

Bilbao Barandicak espero du martxoko osoko bilkuran akordioa onartzea, eta zehaztu du arreta berezia jarriko duela epe motzera aurreikusitako 5.000 milioi euroak baliatzeko prozeduran, Brexit-ak sektore batzuetan eta epe ertain eta luzera akordioaren funtzionamenduaren kontrolean izango dituen ondorio negatiboak arintzeko. Era berean, arrantzaren sektorerako ezarritako mekanismoak ziurgabetasunak sortuko dituela espero du, eta Erresuma Batuak arlo horretan duen negoziazio-jarrera Brexit-ari buruzko erreferendumaren kanpainan egindako promesekin lotutako gai sinbolikoek markatu dutela azpimarratu du, arrantza-sektoreak ekonomia britainiarrean duen eragin ekonomikoarekin baino gehiago.

Azkenik, eta immigrazioaren arloan, arazo horri irizpide humanitarioekin heldu behar zaiola azpimarratu du, udalerri eta eskualdeek zerbitzuen arretan eta eskaintzan duten eginkizuna nabarmendu du eta Eusko Jaurlaritzak gai horretan duen konpromisoa gogorarazi du, harreraren ahalegina partekatzeko Share proposamenaren sustapenean zehaztua.

PARTEKATU