Izaskun Bilbaok Europako ziurtagiri digital berdea babesten du, eta kontrola eskatu du alde bakarreko murrizketekin amaitzeko

EAJ-PNVko eurodiputatuak iragarri du bere taldeak babestuko duela Europako ziurtagiri digital berdearen inguruan hitzeman den akordioa, zeinaren bidez, aurtengo udan Batasunaren barruan zirkulazio askea apurka-apurka berreskuratu ahal izango baita. Izaskun Bilbao Barandikak uste du lorpen “didaktikoa” dela “Batasunaren alderdi onuragarriak ezagutzera ematen lagunduko duena”, baloratu du txertaketa prozesuarekin hiritarren artean Europarenganako fedea berreskuratzea lortu dela eta “kontrola” eskatu du “estatu batzuek hitzemandakoa bete gabe utz ez dezaten eta alde bakarreko murrizketarik ezar ez dezaten”
Izaskun Bilbaok Europako ziurtagiri digital berdea babesten du, eta kontrola eskatu du alde bakarreko murrizketekin amaitzeko
09 Ekaina | Europako Legebiltzarra

Europako Parlamentua, hamabost hilabete geroago, Estrasburgoko ohiko egoitzara itzuli da osoko bilkura egiteko. Aldi luze honen ondoren deitu duen osoko bilkuran eztabaidatu ditu eta gaur bertan bozkatuko ditu  uztailaren batetik aurrera Europa osoan Europako ziurtagiri digital berdea martxan jartzea ahalbidetuko duten txostenak. Akordio bat dago EBko hiritar guztiei aplikatuko zaiena eta beste bat egiaztagiri hau hirugarren herrialdeetako hiritarrentzat funtzionatzea aurreikusten duena. Agiri honek egiaztatuko du titularraren egoera epidemiologikoa. Diskriminazioak saihesteko eta txertaketa derrigorrezkoa ez denez, agiri digitalak, Batasun osoan balioa izango duen protokolo tekniko baten bidez, egiaztatuko du titularra agiria erakusten duen unean gaixotasunetik libre dagoela edo koronabirusaren kontra inmunizatuta dagoela. Lehenengo eta behin egiaztatuko da bidaiariak antigeno testak edo PCR proba  bidaiatu baino lehen eta ezarritako epeetan gainditu dituela. Bigarrenak egiaztatuko du bidaiariak  gaixotasuna gainditu duela edo Botiken Europako Agentziak ontzat eman dituen txertoetako baten pauta osoa jaso duela. Akordioaren osagarri gisa, laguntza multzo bat onartu da diagnosi test hauek merkeagoak izan daitezen. Era berean ahalbidetuko da autotest-tresna berriak erabiltzea, baldin eta gaur egun laborategi ziurtatuetan egiten direnen fidagarritasun bera bermatzen badute.

 

PARTEKATU