Prentsa Aretoa

Berriak

2018/02/07

Identitate nazionala, oinarri legala eta autogobernurako berme gehiago, EAJ-PNVren proposamenaren giltzarriak

EAJ-PNVk aurkeztu ditu oinarri eta printzipioak Euskal Autogobernua eguneratzeko, Gernikako Autonomia Estatutuaren erreforma baten bidez. Proposamen legala, irekia eta demokratikoa da, Euskal Autogobernua nazio estatusera daramana

rss Ezagutzera eman
Identitate nazionala, oinarri legala eta autogobernurako berme gehiago, EAJ-PNVren proposamenaren giltzarriak

ARGAZKIA JAITSI

  • Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarriak eta Gernikako Estatutuak babestu eta aitortu egiten dituzte Eskubide Historikoak. Horiek izango dira Estatuarekin harreman berezi eta aldebikorako oinarri, funtsatuko dena itunean eta bi aldeen errealitate nazionalaren aitortzan
  • Egingo den testu artikuluak aitortuko du Euskadi nazioa dela, eta arautuko du euskal herritarrek beren estruktura politikoa eta bizikidetza-erregimena erabakitzeko duten eskubide demokratikoaren ariketa, alegia, etorkizunaz erabakitzeko eskubidea
  • Estatus berriak gure eskumenak berritu beharko ditu Ekonomikoaren pareko Kontzertu Politiko baten bidez; Nafarroarekin, Lapurdirekin, Zuberoarekin eta Baxe-Nafarroarekin lotura politikoak eta lankidetzakoak ezartzeko eskubidea aitortu beharko du; eta Eskubide Sozialetan sakondu beharko du

EAJ-PNVk aurkeztu ditu oinarri eta printzipioak Euskal Autogobernua eguneratzeko, Gernikako Autonomia Estatutuaren erreforma baten bidez. Gaur goizean aurkeztu du oinarri eta printzipio horiek jasotzen dituen dokumentua, Eusko Legebiltzarrean, Autogobernu Ponentziak izandako bileran. Proposamen legala, irekia eta demokratikoa da, Euskal Autogobernua nazio estatusera daramana. Proposamen jeltzalearen zutabeak honako hauek dira: euskal herriaren izaera nazionala aitortzea; euskal herritarren eskubide demokratikoa beren egitura politikoa eta bizikidetza-erregimena erabakitzeko, Eskubide Historikoak eguneratuz, eskubide horiek Espainiako Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarrian eta Gernikako Estatutuaren Xedapen Gehigarri Bakarrean aitortuta eta babestuta daudelarik; eskumenak hobeto eta argiago zehaztea, berezitasun eta aldebikotasunean oinarrituta, eskumen kontzertatuen figura berri baten bidez;  bermeen benetako eta egiazko sistema kontzertatu bat ezartzea; eskubide sozialak sakontzea, herritarrek eskubideak eta betebeharrak zabalduz; harreman ekonomikoak, finantzarioak eta zergazkoak finkatzea, elkarrekiko errespetuan oinarrituta eta Kontzertu Ekonomikoaren sistemak bermatuta; edo Euskadiren ordezkaritza Europako eta nazioarteko erakunde eta organismoetan. EAJ-PNVk pentsamolde ireki eta eraikitzaileaz ekingo dio Autogobernu Ponentziaren hurrengo faseari, eta bere ezaugarri den elkarrizketa-akordio-bokazioz.

EAJ-PNVrentzat, Espainiako Konstituzioak eta Gernikako Estatutuak babestu eta aitortutako Eskubide Historikoak izan behar dira oinarriak Estatuarekin harreman berezi eta aldebiko berri baterako, itunean eta bi aldeen errealitate nazionalaren aitortzan oinarrituta. Jeltzaleen ustez, oinarri eta printzipio horietan oinarritutako testu artikulatua formulazio juridiko-positibo bat izan beharko da, euskal herritarrek beren etorkizunaz erabakitzeko eskubidearen ariketa itundurako. Bestela esanda, euskal herritarrek beren egitura politikoa eta bizikidetza-erregimena erabakitzeko duten eskubide demokratikoaren formulazio juridiko-positiboa izan beharko da. EAJ-PNVren iritziz, Euskal Autogobernua eguneratuko duen testu artikulatuak adierazi beharko du Euskal Herria izaera propioa duen herria dela, eta bere izaera nazionala eraikitzen dutela ondare linguistiko, kultural eta juridiko-instituzional propioak, eta komunitate politiko bereko kide izatearen sentimenduak. Eskubide Historikoak Konstituzio markoaren aurrekoak direla aitortuta dago, eta borondate kolektiboa adierazita dago Gernikako Estatutuaren Lehen Artikuluan. Ondorioz, Euskadi izaera historikoko naziotasun gisa identifikatu daiteke. Euskal Herria Nazioa da, Zuzenbide Konparatuan ezarritako irizpide guztiak betetzen dituelako, eta horrez gainera, halaxe aitortu eta identifikatzen dutelako herritar gehienek. Izaera historikoak eta berezitasun instituzionala aitortuta eta babestuta daude espainiar Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarrian bertan.

Testu politiko berriak elkarbizitzarako akordio berria planteatu beharko du espaniar Estatuarekin. Harreman horrek, foru tradizioa jarraituta, interdependentzia kontzeptua finkatuko du. Kontzeptu horren oinarriak elkarrekiko aitortza eta akordioa dira. Helburua da harreman bilateral horren –gure Eskubide Historikoen ezaugarri denaren- eraginkortasuna modernizatzea eta egungo garaietara egokitzea. Horrela, subjektu politiko-juridiko titularra eratuko da, Kontzertu Ekonomiko eta Politikoaren sisteman oinarrituta, arautzeko bai erkidegoaren baitako harremanak, bai kanpoko harremanak (alegia, Estatuarekiko zein Europar Batasun osoarekiko harremanak). Euskal Autogobernuaren eguneratze horrek benetan ekarri behar du gure erakunde publikoen izaera itundua berritzea eta indartzea. Izan ere, ez dago itunik, elkarrekiko berme-sistemarik ez baldin badago. Bestela esanda, adostutakoaren interpretazioa eta betetzea ezin dira alde bakarraren irizpidearen araberakoak izan, ez alor ekonomikoan, ez politikoan. Hori dela eta, negoziazio-prozesuak benetako aldebikotasuna duen itunera eraman beharko du, bermeak eta leialtasun-baldintzak izango dituenera. Akordioa ezinbesteko baldintza izango da arau oro euskal lurraldean indarrean sartzeko.

Autogobernua eguneratzeak gure eskumenak berritzea jaso behar du. Subjektu politiko-juridiko titularrari dagozkion atribuzio-itemen funts juridiko-konstituzionala Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarrian izango da. Helburua da bermatzea subjektu politiko-juridiko titularrak bere gain hartutako botere politikoak behar beste arau-estaldura izatea. Hala ere, proposatzen den Estatuarekiko harreman-eredua dela eta, printzipio demokratikoak ere balioko luke eskumen berriak izateko. Hala, egingo den testu artikulatuak Kontzertu Politiko mota bat eratuko du, eskumen-ondare esklusibo eta erreserbatu bat, zeina homologarria izango baiten indarrean dagoen Kontzertu Ekonomikoarekin bere ikuskeran, egituran eta eraginkortasunean. Horretarako, Gernikako Estatutuan aurreikusitako eskumenek eraldaketa garrantzitsuak izan beharko dituzte. Lehen bloke batean “kontzertatutako gaiak” agertu beharko dira; alegia, sektorialak izanik, euskal desberdintasun- eta identitate-izaera zaintzearekin lotura berezia adierazten dutenak: euskal kultura eta hizkuntza, hezkuntza, segurtasuna, enplegu publikoa, zuzenbide zibila, Kontzertu Ekonomikoaren erregimena, euskal hiru foru-mailen erakunde-egitura propioa (komuna, lurraldekoa eta udalekoa) eta Justizia Administrazioa (azken kasu horretan, espainiar Botere Judizial bakarrean bateratzearen baldintzatzaileekin).

Eremu horietan, Kontzertu Politikoaren birtualitateak ondorengoek soilik baldintzatuko dute: funtsezko eskubideen adostutako edukia eta armonizaziorako erkidego mailako arauak.

Bigarren multzo batek euskal erakundeei aitortuko die bere lurralde-eremuan –lurralde-itsasorarte hedatzen dena- dauden baliabide naturalen titularitatea, demaniazkoa edota ondarezkoa. Hirugarrenik, euskal botere publikoei egotziko zaizkie lan-harremanen eta gizarte babes edo segurantzaren sistemekin lotutako gaitasunak, Euskadiren ahalmen legegile osoa jaso behar dutenak. Azkenik, espainiar Estatuarekin kontzertatutako espazio bat definituko du, Administrazio publikoen erregimen juridikoari eta harremanen erregimenari dagokionez (bereziki, Estatuarekiko harremanei dagokienez), eta halaber, espazio kontzertatua definitzeko beharra, Euskadiren mugaz bestealdeko harremanak errespetatzeko eta Euskadik parte hartzeko europar eta nazioarteko eremuan.

Euskal Autogobernua eguneratzeak aitortu behar du egokien jotzen diren lotura politikoak eta barne lankidetzarako harremanak  ezartzeko eskubidea, udal mailan zein beste edozein lurralde-eremutan, Nafarroako Foru Komunitatearekin eta Iparraldeko euskal lurraldeekin –Lapurdi, Zuberoa eta Baxe Nafarroa-, ongizate sozial, ekonomiko eta kulturala garatzeko; muga bakarrak izango direlarik herritarren borondatea eta horiek ordezkatzen dituzten erakundeen erabakiak. Halaber, Euskal Autogobernua eguneratzeak aitortu beharko du Euskadiren ordezkaritza-eskubidea Europar Batasunean, nazioarteko erakunde eta organizazioetan, hala nola haren nazioarteko proiekzioa eta kanpo-harremanak.

Estatutu-hitzarmena eguneratzeko, erreformatzeko eta berritzeko ekimen hau bultzatzen duen proiektu politikoaren helburua da euskal herritarren babesa eta garapena. Horretarako, aurrera egiten du kohesio sozialean eta aukera-berdintasunean. Ondorioz, etengabeko borroka dakar injustizian oinarritutako desberdintasunen aurka. Horretarako, Eskubide Sozialen dimentsio garrantzitsuak printzipio zuzentzaile batzuk jaso behar ditu politika sozial eta ekonomikorako.

EAJ-PNVk “subjektu politiko-juridiko” adierazpena erabili du oinarri- eta printzipio-dokumentuan, Estatus Politiko Berria jasoko duen izatearentzat. Subjektu juridiko-politiko horrek lagunduko duen izena behar du, Euskadi definituko duena, eta horrek balio sinboliko handia du. Gure borondatea da talde politikoekin partekatzea proposamen hau sortzeko landu ditugun kontzeptu anitzak:

-Euskal Foru Erkidegoa: Bat dator Eskubide Historikoekin eta gure proposamen osoaren jatorri den foralitatearekin.

-Euskal Erkidego Nazionala: Euskal Herriaren nazio-izaera azpimarratzen du, euskal Nazioaren aitortza.

-Euskal Estatu Autonomoa: 1931ko Estatutu proiektuan erabilitako definizioa. Hainbat alderdik proposatutako estatu-eredu federal edo konfederalekin bat dator.

-Estatu Forala: estatu-kontzeptua batzen du orain eguneratu behar dugun gure berezitasun foral historikoarekin.

INAUTERIAK 2018 - BASQUE TV AWARDS

  Agenda

2018/02/20 22:10

Jokin Bildarratz

   TVE-24 H. 

2018/02/20 22:10

Jokin Bildarratz

   TVE-La noche en 24 h. 

2018/02/22 09:00

Itxaso Atutxa

   ETB 1 

YouTube

Twitter

Facebook

Flickr

Andoniren Bideobloga

Sabin Etxea - 25 urte
Elkarrizketak - Gure Burukideak
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA