Hainbat urtetan presoen eskubideak urratu dituen salbuespenezko espetxe-legedia indargabetzeko eskatu du EAJ-PNVk

08 Urtarrila | Eusko Legebiltzarra

Euzko Alderdi Jeltzaleak salbuespenezko espetxe-legedia indargabetzeko eskatu du, inoiz justifikaziorik izan ez duena eta hainbeste urtetan preso askoren eskubideak urratu dituena. 

Bilboko Euskalduna Jauregian presoen eskubideak defendatzeko eta bake-prozesua bultzatzeko Sarek antolatutako ekitaldi batean, ETAko presoak Euskadiko espetxeetara lekualdatzen jarraitzearen alde agertu da Irune Berasaluze eta Jon Andoni Atutxa legebiltzarkideek osatutako jeltzaleen ordezkaritza, azken hilabeteotan egin den bezala. Izan ere, “presoen birgizarteratzea lagunduko du horrek, are gehiago espetxeen kudeaketaren eskumena Eusko Jaurlaritzaren eskuetan dagoenetik”.

Azkenik, EAJ-PNVk presoen eskubideen aldeko mobilizazio-deialdi guztiak errespetatzen dituela adierazi ondoren, ordezkari jeltzaleek esan dute salbuespen-politika indargabetzeak negoziazio politikoa eta parlamentarioa behar dituela; eta, zentzu horretan, “baliteke mobilizazio batzuek eragin negatiboa izatea helburu hori lortzeari”. Ildo horretan, EAJ-PNVk horrelako mobilizazioak ez ditu deituko, ezta beraietan parte ere hartuko.

PARTEKATU