Eusko Jaurlaritzak aurrekontuen inguruan adosteko agertu duen borondatea benetakoa dela baieztatu du Itxaso Atutxak

BBBko presidenteak kontuen kutsu sozial garrantzitsua nabarmendu du, eta agerian utzi du berebizikoak direla “benetako eraldaketa emon daiten”
26 Urria | Bizkaia

Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, argi eta garbi esan du gaur goizean Eusko Jaurlaritzak, bai eta Pedro Azpiazuk, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak berak ere hurrengo urteko aurrekontuei buruz hitz egiteko euskal alderdi politiko guztiei luzatu dieten eskaintza “benetakoa” dela. Nabarmendu du, halaber, 13.000 milioitik gorako aurrekontu hauek arlo sozialean eragin berezia izango dutela (10 eurotik 8 arlo honetara bideratuko direlarik). Gaur aurkeztu den aurrekontu proiektua “momentu berezikoa” da, pandemia osteko lehenengoak izango direlarik, azpimarratu du.

Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ saioan emandako elkarrizketan, Eusko Jaurlaritzak oso partida garrantzitsuak eta zabalak aurreikusten dituela azaldu du. “Batez be alde sozialean, partida sozialak, barriro be, handitu egingo diralako” eta, beste alde batetik, momentu honetan “inbertsinoetarako inoiz izan ez dogun dirutza” dagoela aurreratu du. Aurrekontu hauek “oso garrantzitsuak dira benetako eraldaketa emon daiten, beharrezko doguzalako eta gizarteak behar dituelako”, aurreratu du. Beraz, “uste dot, Jaurlaritza nahiz eta gehiengo egoeran egon, benetako borondateagaz egiten jakela eskaintza hau beste alderdi politikoei”.

ETAk jardun armatua behin-betiko amaitutzat eman zuenetik 10 urte bete diren honetan eta ezker abertzaleak Aieteko adierazpenetik aste bete igaro delarik, elkarbizitzarako oinarriak “nahastu” direla esan du burukide bizkaitarrak. “Ezker abertzalearen partetik argitasun gitxigaz” ikusten duela esan du. “Ez dakit Aieteko hitzak ete diran ezker abertzalearengan tesi moduan geratu behar diranak edo gero Otegik Eibarren, bere jendearen aurrean egindako hitzaldian botatakoak. Uste dot oso ezbardinak dirala, eta uste dot Arkaitz Rodríguezek ez ebala konpondu edo argitu gero tesi hori, ez bata ez bestea, gero zuen etxean emondako elkarrizketan”, azaldu du. Atutxaren aburuz, nahaspila hau “ez da ona inorentzat”. “Uste dot honetan gehiago izan behar dala argitzera bidean joatea eta, batez be, alkarbizitza hori eraikitzeko oztopoak kentzea eta danon arteko lana indartzea”, aldarrikatu du.

Joan den ostiralean Mundakan gauzatu zen zentsura mozioaz galdetuta, Itxaso Atutxak baieztatu du EAJ-PNVren erantzukizuna zela egoera “bideratzea eta konpontzea; gure ardura zan”. Gogoratu duenez, Mikel Bilbao talde jeltzaleak 2019ko hauteskundeetan aurkeztu zuen zerrendako buru independentea izan zen, baina “hasiera-hasieratik konturatu ginan gatx egiten jakola talde-lana” eta “Alkatetza eta bizitza munizipala ezagutzen dauan batek ondo ulertuko dau hau, alkarlanean egiten ez dan lana, gatxa da”. “Ibilbide honetan ahalegin gitxi egin dau danok batera lan egiteko, eta erabakia hartu behar izan genduan. Ez da erosoa izan, ez da atsegina izan; baina gure erantzukizuna da mundakarrei guk eskainitako programa aurrera eroatea eta urte eta erdi honetan, nekez eroan da”, aitortu du Bizkaiko buru jeltzaleak.

PARTEKATU