Euskal Taldeak Klima Aldaketaren Legearen alde bozkatu du

Idoia Sagastizabalek azaldu duen bezala, EAJren babesa Gobernua osatzen duten taldeen jarrera aldatzearen ondorio izan da. Horrela, enpresen lehiakortasuna bultzatzen duten emendakinak gehitu dira testura, baita euskal eskumenen esparrua errespetatzen dutenak ere
08 Apirila | Kongresua

Euskal Taldeak Klima Aldaketaren Legea babestu du Kongresuko Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Batzordean arratsaldeko lehenengo orduan egin den bozketan.

Bere hitz hartzean zehar gai honetan jeltzaleen bozeramailea den Idoia Sagastizabalek azpimarratu du arau hau "beharrezkoa eta premiazkoa" dela eta energia-trantsizio "justu eta malgua" defendatu du, "kalitatezko enplegua sortzeko eta adostasunak eraikitzeko gai izango den politika teknologiko eta industria berritzaile eta iraunkor baten eskutik".

Diputatu jeltzaleak azaldu duen bezala, Euskal Taldeak hasiera batean abstentzioaren alde egin du, Gobernua osatzen duten taldeek EAJk proposatutako zuzenketen inguruan zuten jarrera ezkorra ikusita. Goiza pasa ahala, Euskal Taldearentzat funtsezkoak diren gaien inguruan aurrerapausoak eman dira, alegia, industria lehiakortasunaren sustapenean eta EAEren eskumen-eremuarekiko errespetuan. Horregatik, Idoia Sagastizabalek lege-proiektuaren alde bozkatu du.

"Gure borondatea da, eta beti izan da, etorkizunerako garrantzitsua izango den arau hau aurrera eramaten laguntzea. Izan ere, ekonomia suspertzeko lege bat izango da eta honen bidez eredu produktibo berri baten alde egin nahi da", adierazi du Sagastizabalek. Zentzu honetan, Sagastizabalek bere burua zoriondu du lege-proiektuan zuzenketa bat sartzeagatik, "emisio eskubideetatik datozen diru-sarrerak karbono ihesak izateko arriskua duten instalazioetan elektrizitate-kontsumoari lotutako CO2 emisioen zuzeneko kostuen ondorioak konpentsatzeko erabil daitezen". Horrekin, enpresek ez dute lehiakortasunik galduko beren kide europarren aurrean, hain zuzen ere, Europan konpentsazioak handiagoak direlako eta ingurumenarekin lotutako kostuak ez daudelako edo Europakoak baino txikiagoak direlako.

Era berean, diputatu jeltzaleak nabarmendu du Gobernua osatzen duten alderdiek baterako sorkuntzari erantzun bat emateko borondatea adierazi dutela, enkante bat abian jarrita. Honekin, eraginkortasun handiko baterako sorkuntzak egungo bizitza baliagarritik haragoko ordainsaria lortu ahal izango du. Gainera, banaketa sare elektrikoetan inbertsioak handitzeko aukera aztertzeko borondatea dutela azaldu dute eta horrek "industria deskarbonizatzeaz gain, sektore elektrikoa bultzatzeko ere eragina izan dezake", aipatu du Sagastizabalek.

Halaber, Sagastizabalek aintzat hartu du EAJ bat datorren beste talde batzuen zuzenketak ere jaso direla testuan. Besteak beste, ekonomia zirkularrari, biodibertsitateari, administrazioen arteko lankidetza-esparruari, enpresetan emisioak murrizteko planei eta administrazioen arteko lankidetzari buruzkoak izan dira aldaketa hauek.

Horregatik, Euskal Taldeak Klima Aldaketaren lege-proiektuaren aldeko botoa eman du. Hala ere, Sagastizabalek aitortu du EAJk lanean jarraituko duela Senatuko tramitean testuan hobekuntza berriak gehitzeko.

 

PARTEKATU