Euskal Taldeak aurreko Legealdian blokeatu ziren 6 Lege Proposamenak mahaigaineratu ditu

Jeltzaleek berriro proposatzen dute ondorengoak aldaraztea: Sekretu Ofizialen Legea; Zigor Kodea, betiko espetxe berrikusgarria ezabatzeko; Mozal Legea izenekoa; Auzitegi Konstituzionalaren Legea; Gobernua Arautzen duena edo Kongresuko Araudia
Euskal Taldeak aurreko Legealdian blokeatu ziren 6 Lege Proposamenak mahaigaineratu ditu
10 Ekaina | Kongresua

EAJ-PNVren Euskal Taldeak Behe Ganberaren Erregistroan aurkeztu ditu XII. Legealdian Osoko Bilkuran izapidera onartu ziren sei Lege Proposamenak. Proposamen horiek ezin izan ziren aurrera eraman Mahaian eta Batzordean ezarri zitzaien blokeoagatik. Gauzak horrela, jeltzaleek gai horiek guztiak berriro hartu dituzte eta ondorengoak aldaraztea proposatzen dute: Sekretu Ofizialen Legea, Zigor Kodea, Herritarren Segurtasuna Babesteko legea, Auzitegi Konstituzionalaren Legea, Gobernuaren Legea edo Kongresuaren Araudia.

Euskal taldeak ekimen horiek guztiak berriz planteatzea erabaki du “beharrezko aldaketak” direlako, “gizarteak eskatzen dituelako eta ordenamendu juridiko osatuagoa,orekatuagoa eta eguneratuagoa lortzen laguntzen dutelako”. Jeltzaleek zentzu berean adierazi dute espero dutela azken Legealdiko blokeoa berriro ez errepikatzea, eta alderdiei eskatu diete “politika egiteko benetako borondatea erakustea, eztabaidatzekoa eta ekimenak Estatuko Aldizkari Ofizialera eramatekoa”.

SEKRETU OFIZIALAK

Ikertzaile eta historialariek eginiko erreklamazioari erantzunez, gardentasunaren alde eginez eta Frankismo garaiko Lege bat eguneratzeko xedez, Euskal Taldeak 2016ko azaroko Osoko Bilkurara eraman zuen Sekretu Ofizialen Legea. Onartua izan ondoren, behin betiko blokeoa ezarri zitzaion, lehenengo eta behin Mahaian eta ondoren Batzordean. EAJ-PNVk oraindik aldarrikatzen du dokumentuak desklasifikatzeko epeak jarri behar direla eta gure inguruko herrialdeetan gai honen inguruan dagoen legeriara egokitu beharra dagoela.

ZIGOR KODEA (Betirako espetxe zigor berrikusgarria)

Euskal Taldeak Ganberan aurkeztu zuen eta gehiengo baten babesa jaso zuen Zigor Kodetik betirako espetxe zigor berrikusgarria ezabatzeko proposamenak. Talde jeltzaleak planteamendu hau egin zuen zigor kodearen artikulu hori “arduragabe” jotzen duelako, “politika kriminalak” justifikatzen ez dituelako eta “espetxeratua berrezteko eta birgizarteratzeko printzipioak urratzen dituelako”. Dena dela, 2017an izapidera onartua izan ondoren eta iragan martxoan Gorteak desegin arte, zuzenketak aurkezteko epea etengabe luzatua izan da eta horrek ezinezko bihurtu zuen aldarazpena eztabaidatzea eta onestea. Jeltzaleek Osoko Bilkuran proposatuko dute neurri hau indargabetzea “betiko espetxe zigor” jotzen dutelako.

‘MOZAL LEGEA

Funtsezko eskubideak eta askatasun publikoak babesteko helburuarekin, Euskal Taldeak Hiritarren Segurtasunaren Legearen aldarazpena aurkeztu zuen, 2017ko martxoan Ganberaren babesa jaso zuena. Bi urte geroago, ekimena bertan behera geratu zen ponentzia aldian. EAJ-PNVk proposamen hau aurkezten du, `Mozal Legea´ izenarekin ezagutzen denaren 44 arau aldarazten dituena.

AUZITEGI KONSTITUZIONALA

Euskal Taldeak 2016an proposamen legegile bat aurkeztu zuen 2015ean PPren gehiengo absolutuaren bidez Auzitegi Konstituzionalaren Lege Organikoan eginiko azken aldarazpen biak indargabetzeko. Jeltzaleen ekimenak, alde batetik, ebazpenei izaera betearazlea ematen dioten eta epaiak beteko ez dituzten agintari eta funtzionarioen kontra egiteko aukera ematen duten artikuluak ezabatu nahi ditu eta, betetik, Autonomia Estatutuen kontrako aurretiazko inkonstituzionaltasun errekurtsoa indargabetu nahi du “organo juristikzionala interes politikoetan erabiltzeko tresna” delakoan. Euskal taldeak aldarazpen bikoitz hau aurkeztuko du berriz ere.

GOBERNUAREN LEGEA (Jarduneko Gobernuari Kontrola egiteari buruzkoa)

XI. Legealdian, PPren Jarduneko Gobernuak Gorteen Kontrola itzuri ondoren, Euskal Taldeak Lege Proposamen bat erregistratu eta eztabaidara eraman zuen Gobernuaren Legean argi eta garbi jaso dadin Gobernuaren jardun eta omisio guztiak Gorteen kontrolpean daudela. Ekimena izapidera onartu zen 2018ko martxoan eta Mahaiak ordutik aurrera blokeatu izan du.

ARAUDIA (Legez Besteko Proposamenen eta Mozioen kontrola)

2017ko martxoan, Kongresuko osoko bilkurak aho batez onartu zuen Euskal Taldeak aurkeztu zuen proposamena Diputatuen kongresuko agintaldi ez legegileen betepena kontrolatzeko. Proposamen honen helburua da Gobernuak Ganberari bidaltzea Osoko Bilkuran eta Batzordeetan onartu diren legez besteko proposamenen, mozio eta ebazpenen egoerari eta betepen mailari buruzko txostena, autonomietako parlamentu batzuetan egiten den gisara, Euskadin esate baterako.

Lehen ekimen bateria honetaz gain, Euskal Taldeak era berean jakinarazi du proposamen legegile berriak aurkezteko lana egingo duela.

 

PARTEKATU