Europan PACaren inguruko negoziaketetan Planas Ministroak gaur egungo eskuduntza esparrua defendatu ez izana salatu du Agirretxeak

Kontrol bilkuran, Euskal Taldeko diputatuak deitoratu du PACaren inguruan berrikitan adostu den akordioak ez diela Euskadiri ezta gainerako Autonomia Erkidegoei baimentzen laguntzak beren tokian tokiko errealitate estruktural eta produktibora egokitzea
28 Urria | Kongresua

Joseba Agirretxeak, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko diputatuak, gaur salatu du PACaren Europako negoziaketetan Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministroak ez duela Espainiako estatuaren eskuduntza eredua defendatu, eta deitoratu duenez, horren ondorioz, adostu berri den akordio horrek “ez diela Euskadiri edo bestelako Autonomia Erkidegoei baimentzen laguntza horiek beren errealitate estruktural eta produktibora egokitzen”, Euskadiren kasuan, esaterako, nekazaritza eta zerga arloan eskumen osoa duen arren.

Kontrol bilkuran, diputatu jeltzaleak azaldu du Europako Kontseiluak iragan astean akordio orokor bat adostu zuela PAC delakoaren erreformaren inguruan, zeinen helburu estrategikoekin EAJ-PNVk bat egiten duen, baina kritikatu duenez “subsidiariotasun eredu hori ez da eskumen autonomiaz gain autonomia fiskala duten erregioetara hedatu, Euskadirekin gertatzen den bezala, eta eragotzi egin da Plan estrategiko propioa egitea”. Are gehiago, Agirretxeak gogora ekarri duenez “betidanik subsidiariotasuna erreklamatu dugu neurri guztiak definitzeko, egiteko, defendatzeko eta abian jartzeko orduan” eta Euskadik PACaren Plan Estrategikoan jasotzen diren neurri guztien eskuduntza osoa duelarik “horiek egikaritzeko borondate politikoa” dauka. Espainiako gobernuak, ordea, ez du jarrera hori defendatu Europako instantzietan.

“Espainiako estatuan egitura produktibo eta sozial erabat hetereogeneoak ematen dira”, baieztatu du Agirretxeak. Horregatik, eta errealitate horri eta indarrean dagoen eskuduntza-egiturari erantzuna eman nahirik, Europako Parlamentuak zuzenketa batzuk onartu ditu “Estatuetako Plan Estrategikoen dimentsio erregionala“ ahalbidetzen dutenak eta Estatu kideei erreklamatzen dietenak “beren Plan Estrategikoak egin ditzatela estatu bakoitzeko marko juridiko eta instituzionala errespetatuz”. Hala, Ministroari galdetu dio “borondate politikorik” ote duen PACa norabide horretan inplementatzeko. “Egingo al duzu”?, amaitu du.

 

PARTEKATU