Estebanek Sánchezi ohartarazi dionez “Aurrekontuetan erakutsiko dugun jarrera izango da hitzemandako konpromisoekin erakutsiko duzun seriotasunaren araberakoa”

Kontrol bilkuran Euskal Taldeko bozeramaileak deitoratu duenez Euskadirekin zerikusia duten partida batzuen exekuzioa “nahiko genukeen mailatik urrun dago”, eta Espainiako gobernuko presidenteari “ekintzak” exijitu dizkio bete gabe geratu diren konpromisoen aurrean
18 Azaroa | Kongresua

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, iragarpen argia egin dio gaur Espainiako gobernuko presidenteari, Estatuko Aurrekontu Orokorren izapidetzearen inguruan. Euskadiri dagozkion aurrekontu partida batzuen exekuzio maila, “nahiko genukeen mailatik urrun dagoela” nabarmenduz. Estebanek “ekintzak” erreklamatu dizkio Presidenteari bete gabe geratu diren konpromisoen aurrean, eta baieztatu du EAJ-PNVk Estatuko Aurrekontu Orokorren aurrean erakutsiko duen jarrera izango dela Espainiako gobernuak Euskal Taldearekin hitzemandako konpromisoak betetzerako orduan erakutsiko duen seriotasunaren araberakoa.

Kontrol bilkuran, bozeramaile jeltzaleak esan du gakoa dela EAJ-PNVrekin izenpetutako akordioen bidez euskal hiritargoarekin hitzeman diren konpromisoen inguruan gaur eta etorkizunera begira duten borondatea ezagutzea. Ildo beretik berretsi duenez “benetan garrantzitsuak diren partidak, guk transformatzaile jotzen ditugunak, Europako Erresilentzia Funtsen partean dago, eta taldeok ezin dugu horren gainean zuzenketarik egin”.

Hala, Estebanek Sánchezi premiatu dio Euskal Taldearekin bete gabe jarraitzen duten konpromisoetako batzuk betetzea, besteak beste Transakzio Finantzarioetarako zergari edo Google Tasa izenekoari dagokiena ,baita MOSS BEZari dagokiona ere. “Erakutsi behar dute borondatea dutela eta hori albait arinen erakutsi behar da, esan du”. Era berean salatu du atzeratu egin dela AHT Euskadiko hiriburuetan sartzeko lanen kudeaketarako aginduaren Hitzarmenaren sinadura, iragan otsailean “publikoki iragarri zena”, Zorrotzan, Bilbon, lurperatze lanetarako Protokoloarekin bezala “oso gauza garrantzitsua izateaz gain herritarren kezka handia dena”, eta oraindik sinatu gabe jarraitzen du. “Zergatik gertatzen da konpromisoak publiko egindakoan horrenbeste bultzatu beharra dugula konpromiso horiek sinatzeko eta egiteko orduan? Esandakoa bete egin behar da”, baieztatu du.

“Mugimendua ibiliaz erakusten da; egintzak dira gauzak konfirmatzen dituztenak”, amaitu du Estebanek.

PARTEKATU