EAJ-PNVren jarrera Botere Judizialaren Lege Organikoa aldarazteko proposamenaren aurrean

EAJ-PNVren jarrera Botere Judizialaren Lege Organikoa aldarazteko proposamenaren aurrean
14 Urria | Kongresua

- Organo konstituzionalak aldaraztea, hauen artean Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia dagoelarik, legez aurreikusita dagoen derrigorra da. Alderdi politiko guztiok, beraz, legeak berak aurreikusten duenari men egin beharko genioke eta derrigor horri erantzun; are gehiago Konstituzioaren bermatzaile eta defendatzaile direla baieztatzen dutenek eta, paradoxa dirudien arren, alderdi horiek dira gaur egun organo konstituzionalak berritzeko orduan legea betetzea eragozten duen blokeoaren eragile.

- 3/5eko gehiengoak, indarrean dagoen legeriak Botere Judizialaren kontseiluko kideak berritzeko aurreikusten duenak, ez du bermatzen, egiaztatu ahal izan den bezala, organo judizialaren “despolitizazioa”. Dena dela, eta legegilearen izpirituarekin ados, adostasunak bilatzea are gehiago ahalbidetzen duen sistema da.

- Epaileek eurek Botere Judizialaren Kontseiluko kideak aukeratzeak ere ez luke justiziaren “despolitizazioa” bermatuko, saihestu nahi den efektu hori emango litzatekeelako izendapenak kontrolatuko lituzketen erakunde judizialen bidez. Erakunde horiek ez dute herri aukeraketaren babesa jasotzen.

- EAJ-PNVk sen onez jarduteko deia egiten du organo konstituzionalak berritzeko prozesua akordioaren bidez eta gaur egun indarrean dagoen sistemaren arabera eramatea xede, bereziki Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari dagokion aldetik. Horretarako, ezinbesteko gertatzen da alderdi politikoen arteko elkarrizketa, gehiengo kualifikatu horiek ahalbidetuko dituzten akordioak lortzera begira.

- Atzo bertan PSOE eta Unidas Podemos alderdiek aurkeztu zuten proposamen zehatzari dagokionez, bat gatoz Botere Judizialaren legea aldarazteko beharrarekin, bere agintaldia amaitu egin delako. Alabaina, ez dugu horren egoki jotzen epaileen gobernu organoa berritzeko behar diren gehiengoak aldaraztea. Hori dela eta, zentzuz eta taiuz jardutea aldarrikatzen dugu, alderdien arteko elkarrizketa birbideratu ahal izateko. Hori ezinezko gertatuko balitz, gure ustez, aurkeztutako formula hori bide bat izan liteke batzuek Botere Judizialaren gobernu-organoa eraman duten oztopatze eta blokeoarekin amaitzeko.

PARTEKATU