EAJ-PNVk Junts per Catalunyarekin duen elkarlana gauzatu du Talde Parlamentarioa manten dezaten senatari bat utziz

Luke Uribe-Etxebarriak “ohorea” dela esan du Talde Nazionalistako kide izatea XIII. legegintzaldian, eta EAJ-PNVk alderdi kataluniarrarekin duen “benetako konpromisoa” azpimarratu du.
EAJ-PNVk Junts per Catalunyarekin duen elkarlana gauzatu du Talde Parlamentarioa manten dezaten senatari bat utziz
06 Ekaina | Senatua

EAJ-PNVk Junts per Catalunyak Senatuan Talde Parlamentario propioa izaten jarrai dezala ahalbidetuko du Luke Uribe-Etxebarria bertako partaide izatera pasatu delako beharrezkoa den gutxieneko kopurura hel daitezen. “Niretzat plazera eta ohorea da hain pisu politiko handia duen eta gurekin hainbeste gauza konpartitzen duen alderdi politiko bati laguntzea. EAJ-PNVk beraiekin duen benetako konpromisoa erakusten du”.

Junts per Catalunyak lau ordezkari baino ez ditu Goi Ganberan eta Talde Parlamentarioa mantentzeko gutxienez sei behar dira. Kataluniarrek Taldea osatzeko Coalición Canariarekin zuten akordioa berretsi dutenez –hauek ordezkari bakarra dute-, beste senatari bat beharrezkoa zen gutxieneko ordezkaritzara heltzeko, eta EAJ-PNVk Luke Uribe-Etxebarria gipuzkoarra izendatu du ardura horretarako. “Katalunian ezarpen handia duen alderdia izateaz gain, beraien nazioaren adierazgarri den ideologia defendatzen du, horregatik haien ahotsa entzun egin behar da Gorte Orokorretan; are gehiago lurralde ordezkaritza Ganberan”.

Erabakia alderdi biek historikoki mantendu duten elkarlan markoaren barruan kokatzen da, hain zuzen ere apirilean  berretsi zen markoa Andoni Ortuzarrek eta David Bonvehík sinatu zuten akordioarekin alderdi kataluniarrak Europako Parlamenturako hauteskundeetarako hautagaitza erabat katalanista aurkeztea erabaki zutenean Kataluniako egoerari ikusgarritasuna emateko helburuarekin. Akordioan alderdi biek komunean dituzten helburu politiko nazional eta sektorialak lortze aldera erabilgarriak izan daitezkeen estrategia bateragarriak hartzea ere jasotzen da.

Goi Ganberako Euzko Abertzaleak Taldeko bozeramailea den Jokin Bildarratzek azaldu duenez, “Konstituzioaren 155. artikuluan jasotako neurriak justifikaziorik gabe eta neurriz kanpo Katalunian aplikatuz Senatuak bere historian idatzi zuen orrialde beltza ahaztarazi behar du eta, horretarako, Kataluniako errealitate politikoaren sentsibilitate adierazgarrienetako bati beharrezkoak dituen tresnak eskaini behar dizkio”. Beste behin, senatariak “Erakundeen kalitate demokratikoa hobetzeko eta arazo politikoak konpontzeko bide bakar moduan elkarrizketa demokratikoa behar dela” aldarrikatu du.

PARTEKATU