Prentsa Aretoa

Berriak

2017/02/16

EAJ-PNVk Estatuko segurtasun indarrak egokitzea eskatu du, Gernikako Estatutua betetzeko

Iñigo Iturrate legebiltzarkideak baieztatu du polizia kopurua gutxitzeko arrazoi bakarra legezkoa eta Ertzaintza errespetatzea dela. “ETA desagertuta eta Ertzaintza zabalduta, ezerk ez du justifikatzen egungo egoerari eustea”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVk berriro ere Estatuko segurtasun indar eta kidegoen Euskadiko kopurua egokitzea exijitu dio espainiar Gobernuari. Iñigo Iturrate legebiltzarkideak defendatu du eskari hori Gernikako Estatutuan oinarritzen dela. “Estatuko Segurtasun Indarren eta Ertzaintzaren eskumenen eremuak oso argi eta ondo zehaztuta daude Gernikako Estatutuaren 17. artikuluan. Lege Organiko horrek jasotzen ditu funtzio horiek, eta horren ondorioz Ertzaintzak eskumenen %90 inguru garatu ditu dagoeneko. Ondorioz, Estatuko segurtasun indar eta kidegoen eskumen bakarrak dira komunitatez kanpotik edo gainetik daudenak”. Hori dela eta, gaineratu duenez, Ertzaintzak polizia-funtzio ia guztiak hartu dituen heinean, ez dago egungo egoerari eusteko inolako arrazoirik.

Ordezkari jeltzaleak espainiar Gobernuaren legeekiko eta Gasteiz eta Madrilen arteko akordioekiko intsumisioa salatu du. Akordio horiek, 1989 eta 1990ean, Goardia Zibila eta Polizia Nazionala “pixkanaka ordezkatzeari” ekiteko irizpideak ezartzen zituen. “Gaur legalitate-kontu bat eskatzen dugu. Polizia-kopurua egokitzeko prozesua legalitate-kontua da. Arauak, akordioak eta ordenamendu juridikoa errespetatzeko kontua. Ertzaintza errespetatzea. Adostutako eta euskal herritarrek berretsitako Autogobernuaren eskumenen eremua defendatzea. Batzuek, beste behin ere, ekidin egiten dute Gernikako Estatutua osorik defendatzea eta betetzea. Legea betetzea ekidin nahi dute”.

EAJ-PNVrentzat, Estatuko Segurtasun Indarrak egokitzea ezin da geldiarazi, behin ETAk duela bost urte jarduera armatua utzita. Ordezkari jeltzaleak esan du Segurtasun Batzordeal gai horri heldu beharko liezaiokeela. Batzorde hori ez da 2012ko uztailetik deitu, Eusko Jaurlaritzak behin eta berriro eskatu duen arren. Iturratek espainiar Gobernuaren errespetu falta eta elkarrizketarako borondate eza salatu ditu, “egiten dakien gauza bakarra auzitegietara jotzea da, Ertzaintzaren belaunaldi-berrikuntzarako azken promozioak oztopatzeko”. Ildo horretan, gogoratu du segurtasuna bermatzeko beharrezko ertzain kopurua 8000koa dela, espainiar Gobernuarekin adostutakoaren arabera. “Ez da norbanako baten desio bat. Adostutako kopurua da, orain Barne Ministerioak boikoteatu egiten duena Konstituzio Auzitegian errekurtsoa jarrita. Ados baldin bagaude Ertzaintza dela gure osoko polizia, horren arabera jardun dezagun”.

EAJ-PNVk barne ministerioari dei egin dio “ahalik eta azkarren eta lehentasun handienaz” Segurtasun Batzordea dei dezan, errealitate berrira egokitzeko eta Euskadin dauden Estatuko Segurtasun Indarrak egokitzeko. “Ez dezagun errekurtsoen bidez Ertzaintzaren belaunaldiarteko berriztea gelditu, ekin diezaiogun berriro erakundearteko elkarrizketaren bideari eta egokitu dezagun Segurtasuna irizpide logiko, arrazional eta adostuetara”. 

Andoniren Bideobloga

Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Alderdi Eguna 2017
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA
Elkarrizketak - Gure Burukideak
Jarrai iezaguzu Telegramen

  Agenda

2017/11/21 12:30

Itxaso Atutxa

   Onda Cero 

Twitter

Facebook

YouTube

Flickr