EAJk babestu egiten du Hezkuntza Sailak ikastetxeetako jangeletan egindako kudeaketa, eta desgastatzeko asmoz egin dioten "epaiketa politikoa" salatu du

Bilkurak onartutako txostenaren aurka bozkatu du talde jeltzaleak, eta oposizioaren aurka egin du “erakundea instrumentalizatu eta politikoki erabili” duelako. “Bazekiten kasurik ez zegoela, epaitegian hala argitu zelako. Baina Eusko Jaurlaritzaren lana oztopatzea izan da beren ahalegina. Epaiketa politikoa izan da”, esan du David Latxagak
10 Urria | Eusko Legebiltzarra

Eskoletako jantokiei buruzko ikerketa Batzordearen txostena bozkatu du Bilkurak. Bertan, David Latxaga legebiltzarkide jeltzaleak oposizioaren jokabidea salatu du, izan ere -jakinik Hezkuntza Sailak zuzen jokatu zuela- “ahaleginak eta bi egin dituzte” errudunak seinalatzeko “inolako oinarri edo funtsik gabe”, aurretiaz idatzitako txosten baten bidez.

Latxagak gogoratu du bai Fiskaltzak bai Lehiaren Euskal Agintaritzak ebatzi zutela Eusko Jaurlaritzak ez zuela inolako ardurarik, argi utziz ez zela Jaurlaritzako funtzionarioen edo karguen parte-hartzerik izan, eta egiten utzi ere ez zuten egin. “Fiskaltzak espedientea artxibatu zuen, ez baitzen irregulartasunik agertu, ezta ardura penalerako indiziorik ere. Hori gutxi balitz, Lehiaren Agintaritzak, bere ebazpenetan, argi utzi zuen ez zegoela konplizitaterik Jaurlaritzaren eta prezioak adosteagatik eta zerbitzua garestitzeagatik zigortutako enpresen artean. Ez zegoen kasurik, baina oposizioari ez zion batere axola izan, bilatzen zuen bakarra oso bestelakoa baitzen: Jaurlaritzaren eta sailburuaren sinesgarritasuna kaltetu, nahiz eta zintzo jokatu zuten, kontratazio publikorako printzipioen arabera eta exijitutako txosten teknikoen pean”. Hala ere, adierazi du oposizioak abian jarritako ikerketa batzordea azkenean “epaiketa politiko interesatua” izan dela, “epaitzeko ezer ere ez duena izan”.

Parlamentari jeltzaleak adierazi du Uriarte sailburua izan zela hain zuzen ere ohartarazten lehena, bazegoela kontratazio eredua hobetzerik, baita horren exekuzioan ere, sistema bermatzaileagoa izan zedin eta zigortutako enpresen merkatu banaketarako akordioa ekiditeko. “Ondorioztatu dezakegu sailburuak ez zuela ikertutako jardueretan parte hartu, eta Jaurlaritzak zuzen jokatu duela, auzitegiek onetsitako hobekuntza-aldaketak aurrera eraman dituelako. 2013an, ardurak hartu eta gutxira, Uriartek hainbat aldaketa sartu zituen lizitazio-prozeduretan eta arauetan, eta 2015erako kontratu berria jarri zuen abian. Hori dela eta, berehalako erantzuna egon zen, eta ekimen zehatz bat Sailaren aldetik, enpresen lehia areagotzeko, zerbitzuaren kalitatea kaltetu gabe. Baina hori ez dute ikusi nahi ez EH Bilduk, ez Podemosek, ez PPk. Ikusteko gogoa baino handiagoa izan da suntsitzeko grina”, esan du. Hori dela eta, talde jeltzalearen iritziz, gertatutakoaren arduraduna ez da Administrazioa: arduradun bakarrak enpresak dira, zerbitzua eman behar zuten enpresak (Lehia Agintaritzak 8 enpresa zigortu zituen 7 milioiko isunaz).

Latxagak agerian utzi du PPren “biraketa interesatua”, azken unean apurtu baitzuen jeltzaleekin eta sozialistekin zuen akordioa “EH Bilduren besoetara joateko” eta, ondorioz, Jaurlaritza eta EAJ desgastatzeko estrategiarekin bat egiteko. “Ez dute zalantzarik gero bat egiteko, nahiz eta gero publikoki batak besteari betoa jartzen dioten, eta gainera, nahiz eta ez duten begi onez ikusten guk marra gorririk ez jartzea”. Hipokresia politiko hutsa, laburtu du. Batzordeko presidenteari dagokionez (Larraitz Ugarte, EH Bildu), Latxagak salatu du “denboraren erabilera” eta “borondate eza” akordio zabalago batera iristeko. “Denbora nahi zuen adostasuna lortzeko, baina bere komenentziarako baino ez. PP asaldatuta ikusi duen momentuan aukera baliatu du bere posizioetatik mugitu eta berriro ere gu erasotzeko, nahiz eta, horretarako, bere bi sailbururen aurka ere egin behar izan duen: Anjelez Iztueta eta Tontxu Campos, EAkoak”, amaitu du.

PARTEKATU