EB berrabiatzera begira Von der Leyenek martxan jarri duen prozesuak eskatzen duen mailan egotea eskatu du Izaskun Bilbao Barandicak

Izaskun Bilbao Europako Parlamentuko EAJ-PNVko diputatuak aditzera eman duenez, Europako Batasunak pandemia gainditzera begira azken hilabete hauetan abian jarri dituen programak eta erabakiak "hitzak baino askoz gehiago" dira, eta Batasunari benetako bultzada ematen diote
EB berrabiatzera begira Von der Leyenek martxan jarri duen prozesuak eskatzen duen mailan egotea eskatu du Izaskun Bilbao Barandicak
16 Iraila | Europako Legebiltzarra

"Pandemiak erakutsi dizkigu batasunaren onurak eta Europa ezak dakartzan kostuak. Orain estatuek aurrean dugun erronkak eskatzen duen mailan egon behar dute. Erronka hau aprobetxatu behar dugu Batasun demokratikoa, soziala eta garapen iraunkor, zirkular eta digitalaren liderra egiteko".

Izaskun Bilbao Barandicak "historiko" jo du Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen hitzaldia, gaur goizean Europako Parlamentuan Batasunaren egoerari buruz egindako eztabaidan. "Osasun, ekonomia, gizarte, ingurumen eta alde anitzeko arazoei aurre egiteko martxan jarritako ekintzen, balioen eta neurri zehatzen arteko konbinazio ausarta, koherentea eta sendoa" izan dela azpimarratu du. Hilabete hauetan "erabaki gehiago hartu dira pertsonak ziurgabetasunetik babesteko. Hori egiteko, aurreko krisian hartu zirenak baino neurri indartsuagoak ezarri dira”.

Eurodiputatuak oso positibo jo ditu datozen hilabeteetan Europako Batzordearen lana bideratzeko iragarri diren neurriak. Epe laburrean, pandemiaren aurrean estatuz estatu hartutako neurrien deskoordinazioarekin amaitzeko iragarritako ekintzak nabarmendu ditu, gaixotasunak kontrolatzeko, Europako agentziaren boterea indartuz, eta pandemiaren eragin ekonomikoa arintzen dutenak eta susperraldia prestatzen dutenak.

Izaskun Bilbaok azpimarratu duenez, Batasunaren historian inoiz hartu ez diren neurrien sorta hori Europako zuzenbide estatuaren kalitatea zaintzeko Batzordeak bere historian hartu dituen ekintza indartsuenekin uztartu da. "Baliorik gabe, ezin dira proiektu horiek bultzatu, ezta sostengatu ere, ezta zer esan nahi duten ere: Europako bizimodua eta eredu soziala mantentzea. Van der Leyen izango da zuzenbide estatuaren kalitateari buruzko txostena aurkeztuko duen Batzordeko lehen presidentea, eta estatu kide bakoitzean Europak demokraziaren kalitateari ematen dizkion laguntzak baldintzatzeko konpromisoa hartuko du.

PARTEKATU