Begoña, Sabindarrak, Arrankudiaga eta Erandio Goikoako batzokietan egin diren azken erasoak salatu ditu BBBk, EAJ-PNVren kontra egiten ari den jazarpen eta hertsapen kanpaina onartezinaren azken adibideak direlarik

Bart gaueko sabotajeekin, 18 dira Bizkaian azken asteotan erasoak jasan dituzten egoitza jeltzaleak
Begoña, Sabindarrak, Arrankudiaga eta Erandio Goikoako batzokietan egin diren azken erasoak salatu ditu BBBk, EAJ-PNVren kontra egiten ari den jazarpen eta hertsapen kanpaina onartezinaren azken adibideak direlarik
26 Maiatza | BBB

Bizkaiko batzokiek, berriz ere, azken aste hauetan EAJ-PNV jasaten ari den hertsapen eta jazarpen Kanpaina justifikaezin eta onartezinaren protagonista izan dira bart gauean. Begoña, Sabindarrak, Erandio Goikoa eta Arrankudiagako egoitza jeltzaleak pintadekin agertu dira gaur goizean, zeinetan EAJ-PNVri `hiltzaile´ deitzen zaion ´amnistia osoa´ exijitzen den eta Patxi Ruiz ETAko presoaren `egarri eta gose´ grebaren erreferentzia egiten den, talde jeltzalea egoera horrekin zerikusirik izango balu bezala. Zoritxarrez, azken asteotan halako jarduera eta jokaerak ugaritu egin dira eta gizarte zibila eta alderdi politikoak ezin gaitezke horren aurrean besoak gurutzatuta geratu. Horregatik, BBBk berriro salatu behar du halako jarduerak garaiz eta lekuz kanpo daudela eta, gainera, guztiz ulertezinak direla eta ez dutela laguntzen elkarbizitzaren eta ezberdina errespetatzeko bidea egiten, eta horixe da, hain zuzen, euskal gizartearen gehiengo nagusi batek erreklamatzen duena,irrikan baitago bere historiaren orrialderik beltzenetakoa atzean uzteko.

Azken ordu hauetan egin diren eraso hauek gehitzen zaizkie azken asteotan Ariz, Durango, Abadiño, San Miguel (Basauri), Gurutzeta (Barakaldo), Gernika, Errepelega (Portugalete), Mungia, Algorta, Getxo Zaharra, Berango, Igorre, Sabindarrak (San Ignazio-Bilbo) eta Portugaleteko batzokietan egin direnei. Osotara, 18 egoitza jeltzale izan dira Bizkaian erasoak jasan dituztenak.

Beste behin ere, egileei eskatzen diegu berehala halako jarduerak egiteari utz diezaiotela, irtenbideak eskaini beharrean, Bizkaiko eta Euskadiko gizarteak amesten duen elkarbizitza eragotzi besterik ez dutelako egiten, gauden egoera honetan bere ahalegin guztiak koronabirusaren pandemia garaitzera bideratu nahi eta behar dituelako. Halaber, Bizkaiko eta Euskadiko alderdi guztiei eskatzen diegu salaketa honekin bat egin dezatela mezu irmo eta borobilekin.

PARTEKATU