Aurrekontuen inguruan adostutako akordioak agerian utzi du EAJ-PNVk “dagoen tokian dagoela” adosteko daukan gaitasuna, Itxaso Atutxaren esanetan

BBBko presidenteak baieztatu du akordioa berez “albiste ona” dela eta Elkarrekin Podemos taldeari eskertu dio “erakutsi duen jarrera”. Aldi berean, EH Bilduri eta PPri txarretsi die “lehen unetik akordiotik kanpo geratu izana”
10 Abendua | BBB

Itxaso Atutxa BBBko presidentearentzat, aurrekontuen inguruan EAJ-PNV eta Elkarrekin Podemos taldeen artean eman berri den akordioa berez da “barri ona”. “Egunotan ez doguz akordio asko ikusten, baina behar bada eta Espainiako giroak kutsatuta, gero eta gatxago egiten dira gure arteko akordioak. Edozelan be, barriro be erakutsi dogu lortu daitekeela eta EAJ-PNV dagoan tokietan ahalegintzen dala halako akordioak bideratzen”, baieztatu du Bizkaiko jeltzaleen buruak. Honen harira, Elkarrekin Podemosek erakutsitako jarrera eskertu du, “politika instituzionalean aritzeko jarrera erakutsi, landu eta gauzatu egin daualako”. Beste aldetik, EH Bildu eta Alderdi Popularra kondenatu ditu. “Hasiera-hasieratik argi utzi eben ez eukela adosteko gogorik”, txarretsi die. “Eurek esaten dabe geuk itzi genduzala kanpoan, baina euren adierazpenak apur bat errepasatuz gero argi ikusten da horretan ez egozala”, leporatu die.

BBBko presidentea Bizkaia Irratian izan da gaur goizean eta Estatus Berriaz ere mintzatu da. Esan duenez, “Estatus Berriaren inguruan lan egiteko denbora badago eta Lantaldean egin beharreko lana ez da oraindik amaitu; ikusi beharko dogu ia zer aurrerapauso emoteko akordioa lortzen dan”. Autogobernu lantaldean lan egin duten adituen lana goraipatu ondoren, adierazi du EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako testuan betetzen direla EAJ-PNVk EH Bildurekin lortutako akordioan agertzen zena (printzipio demokratikoa eta legalitatearen barruan mugitzea).“Beharrezko joten genduan legalitate printzipioari eustea, gizarteak be ikusi daualako gaur egungo Estatututik aurrera aurrerapauso bat emon behar dala”, baieztatu du. “EH Bilduk adostutako oinarrietatik harago joan da. Adostasunak lortu gura badoguz, herri honetan dagoan aniztasun hori adierazteko gehiengoak beste batzuen bidez lortu behar dira. EH Bildu, momentu honetan, ez dago jarrera horretan”, leporatu dio.

Estatuko gobernagarritasunaren harira galdetuta, Espainiak Gobernua behar duela premiatu du, “ez dago beste aukerarik”. Testuinguru honetan esan du, gobernagarritasun hori ERCren eskuetan ere dagoen heinean, Sanchézek ulertu behar duela “ERCk bere denborak dituela eta erabaki batzuen zain dagoala”. Nolanahi ere, “PSOEk badaki aurrera egiteko, benetan alternatiba izateko” lehenengo etxekoa konpondu behar duela. “Gitxienezko estabilidadea lortzea, arlo ekonomikoan edo sozialean, zaila da politikoki eta instituzionalki krisi zabal baten sartuta zagozanean. Ez dogu esan gura Euskadin edo Katalunian bizi garenak bakarrik. Azken urteetan espainolek eurek be ikusi dabe euren barne egitura hori barriro birpentsatu beharko leukiela. Uste dut hori PSOEK berandu baino lehenago onartu beharko dauala”, amaitu du.

PARTEKATU