Aitor Estebanek “larri” jo ditu Juan Carlos I.ak Ogasunarekin dituen arazoak, eta egin duen dirutzaren jatorria “argitzea” exijitu du

Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, Euskal Taldeko bozeramaileak kritikatu du emerituaren finantzei buruzko ikerketa sakonik egin ez izana, eta “onartezin” jo du Sekretu Ofizialen Legea ez aldaraztea, besteak beste Mikel Zabalzarekin gertatu zena ezagutu behar delako
26 Otsaila | Kongresua

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko taldearen bozeramaileak, “larri” jo du gaur atzo bertan ezagutzera eman zen albistea Juan Carlos I.a Ogasunak egindako bigarren erregularizazioarekin lotzen duena, azken hau lau milioitik gorakoa delarik. Horregatik erreklamatu du dirutza horren jatorria “argitu” beharra dagoela.

Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, Estebanek kritikatu du Europako estatu batean “ez litzatekeela normaltzat jo behar” Errege emeritua Ogasunarekin duen egoera egunotan gertatzen ari den moduan erregularizatzea, baina gaineratu duenez “normala ere ez da erakundeen edo Parlamentuaren aldetik ikerketa sakona egiterik ez izatea”. “Ogasunarekin dituen arazoak larriak dira, baina are garrantzitsuagoa da jakitea erakunde batean aurrekontu mugatu batekin dabilen pertsonak nola lortu ote duen halako dirutza izatea”, esan du.

Estebanek era berean hitz egin du Kongresuak aste honetan O-23aren 40. urteurrenaren kariaz egin zuen urteurren ospakizunaz non Euskal Taldeko ordezkariak egon ez baitziren eta “halabeharrez” Felipe VI.a lehen aldiz izan baitzen. Euskal Taldeko bozeramaileak berretsi du gaur gaurkoz “argitu gabeko gauza” batzuk daudela egun hartan gertatutakoaren inguruan eta deitoratu duenez “ ez dago borondaterik”,Euskal Taldeak proposatu bezala, Franco-ren garaiko Sekretu Ofizialen Legea aldarazteko, egun hartako gertakariak argitzen lagunduko bailuke.

Zentzu berean salatu duenez gai batzuk daude “aztertu nahi ez direnak” eta ildo beretik aipatu ditu “torturak eta Estatuak eginiko gehiegikeriak”, aste honetan bertan Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruko grabaketak argitara atera direnez geroztik. “Gure herriaren gehiengoak susmoak baditu gertatutakoaren inguruan, baina argitu behar litzateke. Eta, Sekretu Ofizialaren Legea aldaraziko balitz, argituko litzateke. Zer beldur dute?”, galdetu du. “Hiritargoa ezin da hartu adinez txikia izango balitz bezala. Ez da onargarria dagoena moduko Sekretu Ofizialen Legea izatea eta demokrazia oso batean halako gaiak ezkutatzen ibiltzea”, amaitu du.

PARTEKATU