“EAJk proiektu gauzagarri eta eraginkorra eskaintzen du; gure Herrian sinesten dugulako eta errespetatu eta maitatzen dugulako”

Eusko Legebiltzarren garrantzia azpimarratu du Joseba Egibarrek, “euskal nazioaren legebiltzarra delako; gure izaera eta interesak defendatzeko erakundea”
“EAJk proiektu gauzagarri eta eraginkorra eskaintzen du; gure Herrian sinesten dugulako eta errespetatu eta maitatzen dugulako”
04 Uztaila | GBB

Joseba Egibar GBBko presidenteak uztailaren 12ko hauteskundeetan “euskal nazioaren legebiltzarra” nork eta zein proiektu politikok osatuko duten erabakiko dela gogoratu du. “Garrantzia handia daukate igandeko hauteskundeek lau euskaldunetatik hiru ordezkatzen dituen euskal nazioaren eraketa erabakiko delako”, ziurtatu du Tolosan egindako mitinean. “Gure izaera eta interesak defendatzen dira bertan; gure eskubide sozial, ekonomiko, kulturak eta politikoak, besteak beste”; argudiatu du.

Azken hamarkadetan emandako aurrerapausoak aipatu ditu bai eta tartean jasandako estatu kolpe saiakerak ere. Bere esanetan, “ibilbide luze eta oparoa” izan du Legebiltzarrak , baina gogoratu du hastapen horietan “zatiketa estrategikoa eman zela giza eskubideen eta politikaren ikuspegitik”.  “Zorionez, egoera hori gainditua dago, baina zenbat atzerakada eta sufrimendu egon da? Horren guztiaren gogoeta autokritikoa egin behar da”, esan du.

Ezker abertzaleak hauteskunde hauetarako aukeratu duen leloari buruzko aipamena egin du GBBko presidenteak. “Merezi duzun herria? Berriro ere inposizioaren lotura. Zer esan nahi dute? Herri hau utzita egon dela hamarkadetan edo beraien ibilbidea estaltzeko modua da?”, galdetu du.

Egibarrek uste du aldaketa eman dela ezker abertzalearengan, baina oraindik ere, herritarrek eskatzen duten elkarlana abiatzeko badirela emateke dauden urratsak. Hasteko, iraganean gertatutakoaren irakurketa kritikoa egitea. “Gerry Adamsek esaten zuen iraganean egindako akatsak onartu gabe ezinezkoa zela etorkizuna eraikitzea”, gogoratu du.

Kezka azaldu du ezker abertzaleak izaten dituen erreakzio eta heldutasun politikoekin, baina itxaropentsu agertu da  azken 40 urtetan egin zuten hanka sartzea errepikatuko ez dutelakoan. "Haien helburua EAJ alboratzea soilik izan da, baina elkarlana ez al da posible? Elkarren artean aritzeko garaia da, ez aurka aritzekoa”, ondorioztatu du.

Herritarrei alderdiek eskaintzen dituzten programak aztertu eta aukeraketa egiteko deia egin die. “Gurea proiekturik eraginkorrena eta fidagarriena da, gaitasuna, humanismoa, zintzotasuna eta Herri honekiko errespetua eta maitasuna erakutsi ditugulako”, defendatu du.

Datozen lau urteak COVID-19aren ondorioek baldintzatuko dutela esan ondoren, bere alderdia gidaritza berriro hartzeko prest dagoela ziurtatu du eta Euskadi, bere erakundeen eskutik, etorkizun oparoaren bidetik joango dela . “Herri txikia izanik, badugu dimentsioa gure arazoak konpontzen jakin eta aurrera egiteko. Zutik jarriko gara, indarrak batu eta lanerako prest gaudelako”, amaitu du.

Tolosako mitinean herriko alkateak, Olatz Peonek; Beasaingo alkateak, Aitor Aldasorok; herriko alaba eta EAJko zerrendan dagoen Joana Ezkiagak; eta Zestoako EAJko buru den Garikoitz Mendizabalek ere hartu dute hitza.

PARTEKATU