“Aurrekontuen inguruko akordioa positiboa da, EH Bildurentzat desiratua edo behartua izan arren, euskal gizartearen interesei mesede egiten dielako”, Egibarren ustez

Bozeramaile jeltzaleak adierazi duenez, EH Bildurekin lortutako akordioak 2022ko euskal aurrekontu onak hobetzen ditu, eta beste erakunde batzuetan jarraipena izatea espero du, "nahiz eta zaila ikusten duen"
02 Abendua 2021 | Eusko Legebiltzarra

Joseba Egibar talde parlamentarioko bozeramailearen ustez, Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk lortutako akordioa "positiboa" da, 2022rako aurkeztutako aurrekontuak are gehiago hobetuko dituelako. "Beti da positiboa akordioa eta adostasuna, eta, zentzu horretan, nahi den akordioa bada, edo behartutako erabakia bada, erabaki positiboa da euskal gizartearen interesentzat eta aurrean ditugun herri erronkentzat", esan du.

Hala, Egibarrek esan du maila politikoan erantzunkidetasun akordio bati dagokiola, pandemiaren urtebete luzearen ostean, eta Covid-19ak eragindako beharrei. Hori dela eta, akordio hori beste erakunde batzuetara eramatea espero du. "Akordioak jarraipena izango balu lurralde mailan, foru aldundietan, euskal hiriburuetan, eta udal mailan, hobeto; beste elkarrizketa mahai batzuetan zer gertatzen den ikusiko genuke, nahiz eta zaila ikusten dudan. Hala ere, akordioa ona eta positiboa da", esan du.

Ordezkari jeltzaleak adierazi duenez, EH Bilduk arrisku politikoa izan du aurrekontuak adosteko orduan, Arnaldo Otegik Eibarko ekitaldi batean iragarri bezala, "Duela urtebeteko gai ideologikoak eta ezberdintasunak berdinak baitira orain, baina gaur akordioa dago". "Duela urtebete esan nuen ez zela ideologia, estrategia baizik, EH Bilduk kontuak ez onartzeko hartutako erabakia baloratzean. Baina Otegik Eibarren egindako ekitaldi ospetsuan adierazi zuen bezala, 30 urte ere egon daiteke legebiltzarrean, baina arriskatzen ez baduzu, gutxiengoa izaten jarraitzen duzu edo ez dituzu jendearen baldintzak aldatzen. Hori da EH Bilduk aurrekontuen akordioan hartu duen arriskua", gaineratu du.

PARTEKATU