EAJ-PNVren komunikatua gaurkoan Bilbon egin diren atxiloketen aurrean

Guardia Zibilak gaur arratsaldean Euskadin burutu dituen atxiloketen kariaz, EAJ-PNVk publikoki adierazi nahi du poliziaren eragiketa hau gertatu den egoera eta uneagatik eragiten dion kezka. Eragiketa susmagarria da gure ustetan, oportunista da eta,horrez gain, guk nahiko genukeena baino abiadura motelagoan doan arren, euskal gizarteak azken aldi honetan eraman duen norabidearen kontrakoa. Eragiketa judiziala baino gehiago, gaur arratsaldean egin dena benetako probokazio politikoa izan da, are gehiago gertatu den unea kontuan harturik. Zergatik atxilotu dira gaur, iragan larunbatean Durangon bide demokratikoetarako urratsa onartzeko agertu ziren pertsonak , Bilbon ETAko presoen eskubideen defentsaren aldeko manifestazioa egin baino 72 ordu lehenago?.
EAJ-PNVren komunikatua gaurkoan Bilbon egin diren atxiloketen aurrean
08 Urtarrila | Berria

EAJ-PNVk beharrezko eta premiazko jotzen du 180 graduko aldaketa eragitea arlo honetan gauzatzen den eta salbuespeneko legeria oinarri duen kudeaketa judizialean, zein Barne Ministerioaren politiketan eta horiek kudeatzen dituzten pertsonengan. Gaurkoa bezalako jarduerek agerian uzten dute argitasun politikorik eza eta euskal gizarteak duen bake eta bizikidetza nahiarekiko sintoniarik eza. Gainera, mutur bietako sektorerik gogorrenak eta erradikalenak elikatzen dituzte.

Inboluzioa bilatzen ari diren horien aurrean, EAJ-PNVk bortxakeriaren arrakala behin betiko ixteko eta Euskadin bake iraunkorra erdiesteko urratsak ematen ari direnak babesten ditu, eta alde bakarretik hasitako bidetik aldenduko dituzten probokaziotan ez erortzera animatzen ditu.

PARTEKATU