Egibar: “Jarrera batzuk ematen ari dira, bake eta bizikidetzan aurrera egin dezakegula esaten digutenak"

Joseba Egibar GBBko presidenteak irakurketa "baikorra" egin du azken aste honetan indarkeriaren biktimak omentzeko egin diren ekitaldiez. "Jarrera batzuk eta zuzenketa batzuk publiko egin dira, bake eta bizikidetza bidean aurrera egin dezakegula pentsatzera eraman gaitzaketenak". Egibarrek Santiago Brouard, Josu Muguruza eta Joseba Goikoetxearen omenez egin diren ekitaldiei buruz gaineratu duenez " ematen ari diren jarrera batzuk bide zuzenean doaz eta eredugarri dira. Politikook jarrera eta portaera horiek guztiak kontuan hartu behar ditugu. Indarkeria praktikatu dutenen aldetik, pertsona batzuk daude egindakoa zuzentzen dutenak eta iragana aldatzerik ez dagoen arren, oraina zuzentzen eta mugiarazten dutenak, eta horrek oso balio handia du. Ez gaude gehiago exijitzeko moduan. Nola edo hala, hausnarketa bat da ETAko kide guztiek edo indarkeria praktikatu duten guztiek kontuan hartu beharko luketena. Biktimak babestu ditugunak eta indarkeria praktikatu ez dugunak gehiengoa gara, eta ona da kasu horiek ikustea. Harrokeria gehiegi dago eta iraganean tematuta dagoen jende asko, eta apaltasun gehiago behar da".
Egibar: “Jarrera batzuk ematen ari dira, bake eta bizikidetzan aurrera egin dezakegula esaten digutenak
25 Azaroa | Berria

Egibarrek ostiralean aurkeztu eta asteartean onartuko den Bake eta Bizikidetzari buruzko Ponentziari buruz  gaineratu duenez, bakea lantzeko tresna "ponentzia bera" da "eta ez publikoki egiten ari den debatea". "Guk ez diogu iritzi publikoari debatea ezkutatu nahi, baina daukagun foroa izanda, ez da logikoa etengabe eztabaidan aritzea. Ezin gara zaratan eta gatazkan geratu. Gutxieneko seriotasuna jarri behar dugu".

“Euskal herriaren borondate politikoa eguneratu nahi dugu"

EBBko presidente Andoni Ortuzarrek atzokoan  Sabino Aranaren heriotzaren urteurrenean gogoratu bezala, Egibarrek gaur azpimarratu duenez "euskal herriaren borondate politikoa eguneratu nahi dugu. Erabakitzeko ordua heldu da eta eskubide hori baliatzeko aukera defendatu behar da. Jendeak oraingo estatutua nahikoa dela uste badu. EAJ-PNVk jakingo du nola jardun. Baina gure asmoa da eztabaida zabaltzea, euskal herriak autogobernuari buruz duen borondatea ezagutzeko".

Amaitzeko, Gipuzko Buru Batzarrak  Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuari buruz esan duenez "EAJ-PNVren Batzarkide Taldea Bilduk aukeratutako taldearekin bildu da. Guk hasierako jarrera mantentzen dugu, eta ez da berria, aurrekoetan ere erakutsi izan dugu. Printzipio gisa mantentzen dugu erakunde guztiek aurrekontuak izan behar dituztela. Horrek ez du esan nahi gure botoak oparituko ditugunik ,baina bai  esaten dugu ahal den neurrian, zatikako zuzenketen bidez osoko zuzenketa aurkeztea saihesten saiatuko garela. Hori da hasi nahi dugun bidea, lan eginez eta indarra jarriz ekonomia suspertu ahal izateko".

PARTEKATU