Iñigo Urkullu: " Euskadi da nire egiteko nagusia!"

Bilboko Euskalduna Jauregian 600 lagunen aurrean egindako ekitaldian, Iñigo Urkullu EAJ-ren EBBren presidenteak eta lehendakarigaiak EAJ-PNV proiektu berria aurkeztu du. “Gaur gure proiektuaren berri emateko elkartu gara. Proiektu berri batekin gatoz. Parte-hartzetik sortutako proiektua da. Hilabete hauetan 3.500 pertsonek hartu dute parte proiektu hau lantzen. Denon ekarpenei esker proiektu sendo eta osatu bat daukagu. Konpromiso zehatzak proposatzen dituen proiektu bat da. Idatzi egin ditugu konpromisoak. Gure proiektua idatzita dago. Batetik 171 konpromiso hartzen ditugu guztira. Eta bestetik 607 egitasmo jaso ditugu konpromiso horiek betetzeko. Hau izango da gure lana, gure betebeharra. Egitaraua bete. Konpromisoak bete egingo ditugu. Euskadi-ren defentsan hitza ematen dugu”.
13 Iraila | Berria

Ekitaldiaren hasieran Urkulluk azpimarratu duenez “Erronka, aukera bihurtu behar dugu. Gure konpromezua Euskadi da. Denon artean atera behar dugu Euskadi aurrera!. Duela 30 eta 20 urte lortu genuena, orain ere lortuko dugu. Krisialditik irten ginen. Krisialditik irtengo gara. Ez da erreza izango baina aurrera egingo dugu. Gure baloreak oinarri hartuta... Elkarlana bultzatuta... Akordio zabalak landuta... Euskadi-k aurrera egingo du berriro”.

“Hauek dira gure konpromisoetariko batzuk: Etxetik hasiko gara, Jaurlaritzaren barne kontuak argitzen eta gardentasunez azaltzen. Barne gastuak jeisten. Benetan dauzkagun diru sarrerak kudeatzen. Ez gehiago, ezta gutxiago ere. Zerbitzu publikoak bermatu eta garatuko ditugu. Ez bakarrik mantendu, baita hobetu ere, posible delako. Euskadi garapen bidera ekarriko dugu berriro. Ekonomia hazi egin behar da, gizarte osoaren lehen helburua betetzeko, hau da, enplegua sortzeko. Guztira 607 eginkizun bildu ditugu. Den denak martxan jarriko ditugu”, erantsi du buruzagi jeltzaleak.

Azkenik, Iñigo Urkulluk ohartarazi duenez ez da erreza izango. “Guztion ahalegina ezinbestekoa izango da. Baina posible da. Proiektu sendo bat jarraituz posible da. Elkarrekin arituz posible da. Elkarlana indartuz posible da. Euskadi martxan jartzea. Haztea. Garatzea. Indarberritzea, posible da. Hitza ematen dugu!”.

PARTEKATU