EAJ-PNVk autogobernuaren aldeko ekimena aurkeztu du

Euzko Alderdi Jeltzaleak euskal autogobernuaren aldeko ekimen bat aurkeztu berri du Eusko Legebiltzarrean, ez-legezko proposamen moduan, osoko bilkuran presaz eztabaidatu dadin.
EAJ-PNVk autogobernuaren aldeko ekimena aurkeztu du
24 Apirila | Berria

Hona hemen ekimena:

Justifikazioa

Azken asteotan Estatuko Gobernuak zenbait neurri onartu ditu, baita ondoren Gorte Nagusiek berretsi ere, Estatuko defizit publikoa Europar Batasunak onartutako egonkortasun-eskakizunei egokitu behar zaiela eta.

Neurri horiek zuzeneko eragina dute Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen esparruan, eta, agian, zentralizazioa berriro ezartzeko saio baten ondorio dira. Jokabide hori Gernikako Autonomia Estatutuan berretsitako autogobernu-esparruaren aurkako urratze eta eraso larria da. Haren ezarpenak, gainera, aurka egingo lioke Ekonomi Itunaren sistemari, sistema horrek nabarmendu egiten baitu Estatuko botere legegileak eskumenen araubidean egin lezakeen edozein aldaketa. (*)

(*) 2007-2011ko Kupoari buruzko Legearen 1.4 artikulua. “Bosturtekoaren barruan, edozein urtetan, Estatuak finantzaketa-konpromiso berriak beretzat gordetzen edo hartzen baditu, legegintzako neurrien, interes orokorraren edo erakundeen arteko akordioen ondorioz, autonomia erkidegoek betearazi beharreko gaien gainean, orduan Ekonomi Itunaren Batzorde Mistoa bilduko da, Euskal Herriari legokiokeen finantza-partaidetza aztertu eta zehazteko.”

Jada 1982an, Eusko Legebiltzarrak, Euskal Autonomia Erkidegoari egotzi beharreko eskumen-esparruak alderdi batek bere kabuz aldatzeko azaldu ziren lehenengo tentazioei erantzunez, ebazpena onetsi zuen eta bertan hauxe adierazi zuen: “Gernikako Estatutuan konpromiso bat jaso zen, Autonomia Erkidegoan sartuta dagoen Euskal Herriko zatiaren eta Estatuaren artekoa, eta konpromiso hori ezin da aldatu, ukitu edo interpretatu hura egiten parte hartu zuten alderdien arteko akordio berririk gabe, eta, zehazki, aldez aurretik erreferenduma egin gabe”.

Euskal autogobernuak, Autonomia Estatutua eta Ekonomi Ituna oinarri dituenak, bitarte honetan guztian balio izan du, hartutako eskumenak baliatuta eta botere publikoek eskumen horiek kudeatuta, euskal gizarteak gaur egun duen ongizate eta garapen maila lortzeko.

Estatuaren egonkortasun ekonomikoari eusteko autonomia erkidegoak hartutako konpromisoak betetzea alde batera utzi gabe, erkidego honetako herri-erakundeei dagokie euren kabuz erabakitzea zeintzuk diren mekanismo egokiak Estatuaren egonkortasunari eusten eta defizit publikoa murrizten laguntzeko.

Autonomia erkidego honi dagokio, eta ez beste inori, bere eskumenen arabera erabakitzen dituen zerbitzu publikoak ezarri eta ematea.

EZ-LEGEZKO PROPOSAMENA

Eusko Legebiltzarrak HAU ESKATZEN DIO Eusko Jaurlaritzari:

1.- Gernikako Estatututik eratorritako eskumenak erabiltzea, aipatutako testuan jasota dauden baldintzetan, aldaketarik edo interpretaziorik aintzat hartu gabe, autonomia erkidegoan integratutako euskal herriak erreferendum bidez aurretiaz onartu ez baditu.                                                                                               

 2.- Gernikako Estatututik eratorritako autogobernuaren osotasuna defendatzeko eta horretan sakontzeko erabil daitezkeen legezko ekintza guztiak egitea, hor jasotako erreforma-aurreikuspenak erabilita, hala badagokio.                                                                                          

 3.- Beharrezko errekurtso judizial guztiak jartzea, eskumen-esparru propioa defendatzeko.

4.- Estatuko Gobernuari Ekonomi Itunari buruzko Legean ezarritako bi aldeko negoziazio eta akordiorako konpromisoa eskatzea, Itunaren Batzorde Mistoaren bitartez, EAEri dagokion parte-hartze finantzarioa aztertu eta zehazteko, hala badagokio, aurrekontu-egonkortasunerako neurriei eusteko.    

 

PARTEKATU