EAJ-PNVk Lehendakaritzarako proposatzen duen hautagaiak gaur arratsaldean Vitoria-Gasteizen azaldu ditu berak eta bere alderdiak enplegu, etxebizitza, laneko garapen eta kontziliazio alorrean hitzeman dituzten konpromisoak. “Hitzematen dut Herri honetako gazte bakoitzak bere bizi proiektu propioa egin ahal izango duela askatasunez , eta neurri zehatzak abian jarriko direla lehen etxebizitza eskuratu ahal izateko, familia eratzeko eta enplegu eta soldata duinak izan ditzaten, bizitzeko lan egin dezatela, eta ez lan egiteko bizi”
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Imanol Pradalesek gazteei zuzenean hitz egin nahi izan die gaur, eta etorkizunean konfiantza izatera eta amets egitera animatuz egin du “zuen ametsak betetzen lagunduko dizuegu”. Vitoria-Gasteizen egin den ekitaldian, ondoan Joseba Díez Antxustegi eta Nerea Melgosa izan dituela, Arabako zerrendaburua eta Arabako zerrendako bigarrena, hurrenez hurren, EAJ-PNVren Lehendakarigaiak gogoratu du apirilaren 21ean jokoan egongo dela etorkizunerako eta ongizaterako giltzak nori emango dizkiogun. “Erabaki garrantzitsua hartu beharko dugu Etxebizitza, Kultura, Osasuna, Turismoa, Ogasuna edo Industria kudeatuko dituenaren inguruan. Azken batean, gure ongizaterako giltzak nori emango dizkiogun erabaki beharko dugu”, esan du Imanol Pradalesek.
EAJk agenda hirukoitza prestatu du, 10 Herri konpromiso nagusi eta 578 neurri zehatz jasotzen dituena. Neurri eta konpromiso errealista eta kontrastatuak, egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuna emateko. “Gure gazte jendearentzako proposamen zehatzak ditugu, errealistak, kontrastatuak. Harrobia ondo zaindu beharra dago, eta zaintza hori ematen da kalitatezko enpleguekin, soldata onekin, lanean garatzeko aukerekin eta lana eta familia uztartzeko eta kontziliatzeko erraztasunak emanez”, ziurtatu du Pradalesek.
Lehendakarigaiak enplegua aipatu du edozein gaztek bere bizi proiektua garatu ahal izan dezan eman beharreko lehen urrats gisa, ezinbestekoa baita. “Kalitatezko enplegua. Uste dugu hori dela lehen urratsa amets hori egingarria dela ikusteko. Horregatik hitzeman dugu kontrol zorrotzak ezarriko ditugula praktika programetan, gehiegikeriak prebenitzeko eta ekonomia berrian sortzen ari dien aukerak baliatzeko: digitalizazioa, adimen artifiziala, teknologia kuantikoa eta datuen analisia. Era berean, “Basque Green talent” programa jarriko dugu martxan, gazteak ekonomia zirkularrean sortzen ari diren aukeretan trebatzeko; 2024-2029 epealdirako Erakunde arteko Ekintzailetza Plana abiaraziko dugu eta Talentua erakartzeko Euskal Estrategia garatuko dugu, bertako talentua bertan gera dadin eta kanpokoa gure artera erakartzeko”.
Hurrengo urratsa, zehaztu du Pradalesek, emantzipazioa da “amets hori gure etxetik bertatik garatzeko aukera eman behar delako, etxebizitza erosita zein alokatuta”. EAJ-PNVk esparru horretan hitzeman dituen konpromisoak dira laguntza berri gehiago ematea, askoz eta pertsona gehiagorengana hel daitezen: 200 milioi euroko abal publikoen lerro bat sortzea, bankuek estaltzen ez duten etxebizitzaren kostuaren % 20 hori finantzatzeko; erosteko ahalmena babestea, EAEn 330.000 etxebizitzen kenkari fiskalari eutsiz; alokairurako eta emantzipaziorako laguntza publikoak lortzeko diru-sarreren atalasea 30.000 eurora arte handitzea pertsona bakoitzeko; eta alokairuko 7.000 etxebizitza berri eraikitzea sustatzea, horietako %40 36tik beherako pertsonentzat izango direlarik.
Azkenik, Imanol Pradalesek kontziliazioa eta familientzako laguntzak aipatu ditu, honako konpromiso hauek azpimarratuz: ardurapeko seme-alaba bakoitzeko hilean 200 euroko laguntza 7 urtera arte luzatzea, eta 10 urtera arte familia ugarien eta guraso bakarreko familien kasuan; egungo 20 asteetatik 24 astera arte aitatasun- eta amatasun-baimenak bultzatzea; haurreskolen doakotasuna, eta Osakidetzako ginekologia-zerbitzuen ugalkortasun-programak zabaltzea eta hobetzea.
Joseba Díez Antxustegi Arabako zerrendaburuak, bere aldetik azpimarratu duenez “harro nago gure iraganarekin eta ilusioz beteta gure etorkizunarekin”. Antxustegik konbentzituta esan du apirilaren 21eko hauteskundeak direla “zer etorkizun nahi dugun erabakitzeko. Etorkizun hobea edo etorkizun okerragoa. Hobetzeko etorkizuna edo aldatzeko gogo hutsez egiten den aldaketa. Askatasunez biziko dugun etorkizuna edo inposaketaz betea. Egonkortasuna emango digun etorkizuna edo ziurgabetasuna nagusi izango duena. Enpresak erakartzen jarraitzeko etorkizuna edo batzuek enpresak uxatu egingo dituzten etorkizuna. Lanpostuak sortzen jarraituko dugun etorkizuna edo enpleguen galera ekarriko diguna. Zerbitzu publiko jasangarri eta iraunkorrak izango dituena, kalitatezkoak, edo zerbitzuei eusteko baliabiderik izango ez dugun etorkizuna. EAJ-PNVren eskarmentua, konpromisoa edo ilusioa dakartzan etorkizuna edo beste batzuek amildegira eskaintzen duten jauzia” .
Nerea Melgosak, Arabako zerrendako bigarrenak, gizarte eta osasun zerbitzuen koordinazioa nabarmendu nahi izan du, aurrerapen teknologikoen laguntzarekin. Lan horren adibide gisa BetiON telelaguntza-zerbitzua ekarri du gogora, honezkero ia 70.000 erabiltzaile dituena. "EAJk gidatzen ditu gizarte-politikak Euskadin, eta politika horiek eredugarri jotzen dira beste lurralde batzuetan. Gure gizarte-politikek ongizate maila paregabeaz gozatzen laguntzen digute", nabarmendu du Melgosak.