Urkulluk Euskadiren giza garapen iraunkorraren ereduari eta EAEren erronkei buruz aritu da Mexikoko komunitate akademikoaren aurrean

Iñigo Urkullu lehendakariak Mexikora egin duen bidaiaren laugarren eguna amaitzeko, akademikoentzako hitzaldi bat eman du Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan (UNAM). Euskadiren egoerari buruz aritu da, eta EAEren autogobernuaren aurrekari historikoak, giza garapen iraunkorraren eredua eta Euskadiren erronkak aipatu ditu.

Urkulluk Euskadiren giza garapen iraunkorraren ereduari eta EAEren erronkei buruz aritu da Mexikoko komunitate akademikoaren aurrean 31Urria 31 |
Eusko Legebiltzarra

PARTEKATU

«2020. urtea helburu jarrita, Euskadik hazten jarraitu behar du; horregatik, herrialde gisa ditugun erronkei aurre egiteko lanean ari gara: giza garapenaren indizean munduko hiru nagusien artean egotea, pobrezia-tasa % 5etik behera txikitzea, % 6tik beherako langabezia-tasa lortzea, bakea eta bizikidetza indartzea eta Euskadirako egoera politiko berria berrestea», esan du.

Euskal autogobernua

Lehendakariak atzera egin du eta 1936. urtea aipatu du. Orduan onartu zuten lehen autonomia-estatutua, eskubide historikoak berreskuratu zituena. Ondoren, gerra zibileko eta diktadurako urteen kontaketa historikoa egin du, 1979raino, hau da, Gernikako estatutuaren bidez autogobernua berreskuratu zeneraino. Gernikako Autonomia Estatutuak EAEko autogobernuaren bereizgarriak onartu zituen, adibidez, Kontzertu Ekonomikoa, kupoa eta autonomia fiskala.

Urkulluk azaldu du Euskadik zailtasunak gainditzeko gaitasuna erakutsi duela autogobernua berreskuratu zuenetik, eta bermatu du Euskadiko ekonomiaren historia oztopoak etengabe gainditzearen adierazgarri dela. Adibide moduan, 80ko hamarkadako industria birmoldatzeko prozesua aipatu du, baita hurrengo hamarkadan herrialdea modernizatzeko abiarazi zen inbertsio publikoko programa ere. «Bilboko Guggenheim museoa da horren emaitzarik adierazgarriena, Euskadiren modernizazioaren eta mundurako irekieraren ikonoa», esan du.

XXI. mendeari erreferentzia eginez, lehendakariak adierazi du lehen hamarkada berrikuntza eta ezagutza izan zituela ezaugarri, –«Euskadin dago Espainiako estatuko azpiegitura teknologikoen kontzentrazio handiena»- eta oraingoan, nazioartekotzea. Gainera, adierazi du aurten Euskadik esportazioen errekorra gaindituko duela, 20.000 milioi eurotik gorakoa izango baita.

Giza garapen iraunkorraren euskal eredua

Lehendakariak giza garapen iraunkorraren ereduaren ildo nagusien berri eman du akademikoen aurrean egindako hitzaldian. Bere ustez, hiru oinarri ditu: gizarte kohesioa, politika ekonomi suspergarria eta kaudimen-bermea. Hala, euskal babes-sistema nabarmendu du, Euskadin bizi diren pertsona guztiei eskubide eta laguntza berberak bermatzen dizkie.

 «Eusko Jaurlaritzak diru-sarrerak bermatzeko errenta-sistema ezarri zuen duela 25 urte baino gehiago, eta bizimodu duina ahalbidetzen die pertsona guztiei. Pertsonekiko konpromisoa da gure leloa. Badakigu hala motelago egiten dugula aurrera, baina denok elkarrekin aurrera egitea nahi dugu», esan du.

Datuak erabiliz (Euskadiko BPG, I+Gko gastua, ikasketa porroteko tasa, pobrezia arriskuko tasa, defizit eta zor mailak...), gizarte kohesioaren, kaudimenaren eta segurtasuna oinarriak azaldu ditu.

 Halaber, Urkulluk Euskadiko gizartearen erronkak azaldu ditu hitzaldiaren azken zatian. Lehendakariaren arabera, hiru dira: suspertze ekonomikoa, bakea indartzea eta bizikidetza birsortzea eta Euskadirako beste estatus politiko bat lortzea.

Bakerako eta bizikidetzarako aukera

Bigarren erronkari dagokionez, lehendakariak esan du, 50 urtean lehen aldiz, indarkeriarik gabeko egoera bizi duela Euskadik. «Hala ere, indarkeriak zauri sakonak utzi ditu gizartean, eta denbora eta erabakia beharko dituzte sendatzeko», adierazi du.

«Gure belaunaldirako erronka garrantzitsutzat eta gure seme-alabei utzi behar diegun ondaretzat jotzen dudan aukera lortzeko konpromisoak hartu behar ditugu», esan du, eta Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Plana erabiliko duela horretarako.

Azkenik, Urkulluk azaldu du Jaurlaritzak «autogobernuaren aldetik» hazi nahi duela, «ongizatean hazi» eta horretarako Euskadirako beste estatus politiko bat proposatzen duela, «dialogoan, negoziazioan, akordioan eta berrespenean oinarritua».

«Partekatutako subiranotasun kontzeptua onartzen duen hitzarmen politikoa proposatzen ari gara, Europan nazio bat garela onar dezaten», amaitu du.

Euskarako irakurletzak

Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoa (UNAM) herrialdeko eta Latinoamerikako unibertsitate publiko handiena da  (38.068 irakasle eta 337.763 ikasle ditu), baita munduko 30 ezagunetako bat ere

Nobel saria jaso duten mexikar guztiek dute unibertsitate horretan: Octavio Pazek (Literaturakoa) Alfonso García Roblesek (Bakearen saria) Mario J. Molinak (Kimikakoa), baita Asturias Printzea eta Cervantes saria jaso duten mexikarrek ere.

2004. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzak dozena erdi lankidetza-hitzarmen sinatu ditu UNAMekin, Euskadiko eta Mexikoko kulturak Amerikan eta Europan zabaltzeko. Hitzarmen horiei esker, 2005etik euskarazko ikastaroak ematen dituzte, Etxepare Institutuaren bidez finantzatuta.

Interesatu Zaitez