José Luis Bilbao: “Bizkaia krisiaren zorutik altxatzen hasia da"

Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Inazio Deuna ospatzeko eskaini ohi den harrera ekitaldian baieztatu du Bizkaia "krisiaren zorutik altxatzen" hasia dela, "tunelak amaiera duela" eta "norabide onean" goazela. Era berean esan du Bizkaian "denek" dutela lekua "bortitzak, intoleranteak eta ustelak salbu".
José Luis Bilbao: “Bizkaia krisiaren zorutik altxatzen hasia da
29 Uztaila | Bizkaia

Bilbao Inazio Deuna ospatzeko Aldundiak egin ohi duen harrera ekitaldiko buru izan da. Bertan elkartu dira besteak beste Iñigo Urkullu lehendakaria, Josu Erkoreka,Juan María Aburto eta Jon Darpón sailburuak eta Ibon Areso Bilboko alkatea, Bizkaia osoko hainbat gizarte eragilerekin batera.

2015eko foru hauteskundeetarako falta den azken legegintzaldi honetan "hiritargoarengandik jasotako konpromisoak eta konfiantza duintasun, seriotasun, gardentasun eta solidariotasunez" betetzen saiatzen ari direla esan ondoren, Bilbaok gogoratu du duela urte bete orduko ekitaldian esan zuena, hau da, Bizkaian "argi txiki batzuk" antzematen zirela "krisiaren  tunel mingotsaren amaieran".

"Argi haiek erakusten digute tunelak amaiera duela eta norabide onean goazela" baieztatu du. Era berean azpimarratu duenez "gu ez gara jada, berreskuratzeaz, optimismoaz, langabezi datuak hobetzeaz, enpresen sorreraz, jarduera industrialaz, nazioartekotzeaz, emaitza onak ematen dituzten sektoreez, sorkuntza eta garapen bidean dauden egitasmoez hitz egiten dugun bakarrak".

"Guk argi batzuk ikusi genituen, gero beste batzuek ere ikusi dituzte, eta tunelaren amaiera zela egiaztatu dute" gaineratu du. Amaitzeko azpimarratu du "Eusko Jaurlaritzak eginiko ahalegina", "batzuen eta besteen interesak eta baliabideak batzeko lana egiten ari delako Euskadiko ekonomia ,industria eta lan esparru guztiak berrindartzeko".

PARTEKATU