EAJ-PNVren ustez, oso larria da Bilduk Eusko Jaurlaritzari honakinen gaineko plangintzarik oraindik aurkeztu ez izana

Batzarkide jeltzale Xabier Ezeizabarrenak honakoa salatu du: “Ez dugu hondakinen kudeaketan aurreratu, ez dugu gutxitu hondakinen sorrera eta, beraz, legealdia hasi baino okerrago gaude”.
EAJ-PNVren ustez, oso larria da Bilduk Eusko Jaurlaritzari honakinen gaineko plangintzarik oraindik aurkeztu ez izana
28 Ekaina | Berria

Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuorde Jose Antonio Galerak eta Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu ohi Juan Carlos Alduntzinek parte hartu dute gaur goizeko Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren bilakaera finantzarioari eta irtenbide teknikoei buruzko azterketa-batzordean. Behin batzordea amaituta, EAJ-PNVren batzarkide Xabier Ezeizabarrenak honakoa adierazi du: “Agerraldiek gauza asko argitu dituzte eta datu kezkagarriak utzi dituzte: hainbeste denboraren ondoren eta Bilduk guztia gelditu ondoren, gaur agerian gelditu da Bilduk ez diola Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen organoari – hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari – plangintzarik aurkeztu, nahiz eta behin eta berriro esan duen indarreko hondakinen kudeaketaz besteko plangintza zuela”.

Horren harira, Ezeizabarrenak segidakoa esan du: “Ingurumeneko sailburu ordeak berak berretsi du ez duela ezagutzen beste plangintzarik, hain zuzen ere, hondakinak tratatzeko azken fasea balorizazio energetikoa ez den beste plangintzarik. Beraz, agerian gelditu da Bilduren ardura politikoa kezkatzeko modukoa dela”.

Era berean, EAJ-PNVren batzarkidearen ustez, horrek guztiak erakusten du Foru Aldundiak ezingo dituela epeak bete: ez egungo zabortegiak ixteko epeak betetzeko, ez beste plangintzarik garatzeko. Gainera, Xabier Ezeizabarrenak azpimarratu du, Galera sailburu ordeak berretsi duela, Bilduk eskatu duela ingurumeneko baimen bateratuaren luzapena, eta eskaera hasierako azpiegituren gainekoa dela. Eta hain zuzen ere, Zubietan aurreikusitako balorizazio energetikorako – birziklatu eta konpost egin ez daitezkeen hondakinak tratatzeko – azpiegituran oinarritutako hondakinak tratatzeko azken fasearen gainekoa. Beraz, egoera legealdiaren hasierakoa baino okerragoa da. Izan ere, ez dago beste plangintzarik eta Bilduk ez dio Eusko Jaurlaritzari bere plangintza aurkeztu.

Ezeizabarrenak, halaber, honakoa esan du Ingurumeneko foru diputatu ohi Juan Carlos Alduntzinen hitzei buruz: “Alduntzinek berretsi du departamentua kudeatu zuenean ez ziola aurkeztu bere plangintza ez Europar Batasunari ez Eusko Jaurlaritzari. Beraz, Bilduk ez du plangintzarik eta PIGRUG hondakin plangintzak indarrean jarraitzen du, hain zuzen ere, Bilduk Batzar Nagusien gehiengoaren iritziaren aurka bete nahi ez duen plangintza. Eta, ondorioz, legealdiaren amaiera kaos bat izango da eta hurrengo foru gobernuak kudeatu beharko du Bilduk sortu duen arazoa”.

Azkenik, hona hemen EAJ-PNVren batzarkidearen hitzak: “Orain batzordea hasi baino kezka handiagoa dugu. Izan ere, Ingurumeneko sailburu ordeak datu kezkagarriak eman ditu: Gipuzkoan Bilduk ematen dituen datuak baino hondakin gehiago sortzen ditugu. Eta datuak behar bezala homologatuta daude. Bestelakoak dira, ordea, Bilduren datuak Hondakinak tratatzeko azken fasea egiteko azpiegiturak gelditzeko. Baina aitzitik, Bilduren datuak ez daude egiaztatuta eta ez dituzte administrazioaren izapide guztiak gainditu. Beraz, ondo baino hobeto dakigu ez dugula  hondakinen kudeaketan aurreratu, ez dugula gutxitu hondakinen sorrera eta, beraz, legealdia hasi baino okerrago gaude”.

PARTEKATU