“Estatua kontsulta debekatu nahian dabil beldur diolako Kataluniako gizarteak askatasunarekin adieraz dezakenari”

Joseba Egibar GBBko presidente eta EAJren legebiltzar-taldeko bozeramaileak konstituzionalarena “epai politikoa” dela uste du adierazpen politiko bati erantzuten diolako.
“Estatua kontsulta debekatu nahian dabil beldur diolako Kataluniako gizarteak askatasunarekin adieraz dezakenari”
26 Martxoa | Berria

GBBko presidente eta EAJren legebiltzar-taldeko bozeramaileak, Joseba Egibarrek, ziurtatu du “politikoa” dela Auzitegi Konstituzionalak Kataluniak burujabetzaren alde egindako adierazpenaren aurka argitara eman duen epaia. Izan ere, adierazpen politiko bati erantzuten dio. Ildo honetan, RNEen egindako elkarrizketa batean azaldu du Kataluniako Parlamentuak ez duela onartu Konstituzioaren aurka doan inongo testurik.

Egibarren iritziz, Konstituzionalak, Estatuko gainerako botereek bezala, Espainiako Gobernua buru dutela, saihestu egin nahi du Kataluniako gizarteak modu askean hitz egitea “beldur diotelako kataluniarrek demokratikoki eman dezaketen erantzunari”. Estatuko botereen jarrera salatu du “buruzagi politikoek ez lioketelako beldur izan behar gizarteak modu askean hitz egiteari”. Alderantziz. Uste du Estatuak “aintzat hartu, errespetatu eta bideratu” egin beharko lituzkeela kataluniarren aldarrikapenak.

Estatuaren jarrera ikusirik, bozeramaile jeltzaleak ez dio etorkizun demokratiko oparorik aurreikusten Kataluniako prozesuari, baldin eta Katalunia eta Espainiaren arteko legitimitateen talkak demokrazian sakontzeko bidea ahalbidetzen duen eta Espainiaren barruan dauden subjektu politikoak onartzen diren. Hori da, hain zuzen ere, eztabaidaren gakoa Egibarrentzat, hau da, ea Espainiak onartuko dituen bere egungo egituraren baitan kokatzen diren Euskadi eta Kataluniako sujbektu politikoak.

Egibarren ustetan, porrot egin du egungo Estatuaren egiturak eta 1978. urtean konpontzea lortu ez zen arazoari aurre egiteko aukera dugu orain. Gogoratu du duela hiru hamarkada 17 autonomia eratzeko erabaki politikoa hartu zela, Euskadi, Katalunia eta Galiziako errealitate nazionalak diluitzeko helburu bakarrarekin. “Denborak erakutsi du arazoa ez zela konpondu. Nahikoa da gogoratzea 2004. urtean onartu genuen Estatutu Politikoa eta gaur egun Katalunian galdeketaren alde egiten ari diren lana. Eztabaida zabalik dago eta ezin da debekuekin itxi”, ziurtatu du.

Bihar Eusko Legebiltzarrean eratuko den Autogobernuaren Ponentziari buruz, zehaztu du erabakitzeko eskubidea eztabaidagai izango dela, duela hamaika urte izan zen bezala. Jakinarazi du lan talde honek bi zatitan banatuko dituela lanak: Lehenengoan egindako lana aztertuko da eta bigarrenean autogobernuaren eguneraketari ekingo zaio, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dagoen gizartearen borondate politikoa aintzakotzat hartuta.

Alderdi Sozialistatik EAJri gai honen inguruan zuzendutako kexuengatik galdetuta, Egibarrek “lasaitasun apur bat” eskatu die sozialistei. Bere ustetan, PSEk badu “adostasunen inguruko ikuspuntu bitxi bat: PSE dagoen akordioak bakarrik hartzen ditu aintzakotzat eta gainerako guztiak baztertzaileak eta atzerakoiak direla esaten du”. Puntu honetan, bere alderdiak ahalik eta adostasun zabalena bilatu nahi duela berretsi du eta ohartarazi du EAJk ez duela inongo betorik onartuko. “Ahobateko adostasunik ez dagoenean gehiengo demokratikoek egiten dute aurrera”, adierazi du.

Amaitzeko, gogora ekarri du Alderdi Sozialistak duela zortzi urte Loiolan izandako negoziazioetan ez zuela “inongo arazorik” izan Euskal Herriaren borondate politikoaren eguneraketaz hitz egiteko. “Badira dokumentu zehatzak eta interesgarria izango litzakete Autogobernuaren Ponentziarako errekuperatzea”, esan du. 

PARTEKATU