Andoni Ortuzar: “EAJk Bruselara joan nahi du zuzenean, Madriletik igaro gabe, itzulingururik egin gabe"

EAJ-PNVren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek estatus juridiko-politiko berriari buruzko eztabaidari buruz esan du EAJ-PNVren asmoa dela " Euskadi Europar nazio izatea. Gure aldarrikapena da. EAJk horren aldeko apustua egiten du. Nazio izateak suposatzen du nazio izaera aitortzea. Euskal herriak aitortza politiko batzuk ditu, estatusa du, eta bi administraziotan dago banatuta. EAJ-PNVrentzat ezinbestekoa da europar kontzeptua, eta hor sartzen da Estatuari bai edo Estatuari ez eztabaida. Guk Europan sinesten dugu, Europar Batasunean . Ez dugu asko sinesten oraingo EB honetan, baina bai uste dugu europar esparrua osa daitekeela zeinetan Estatuek gero eta indar txikiagoa izango duten eta Europa mailan gobernu indartsuagoa egingo den. Esparru horretan proposatzen dugu Euskadik une honetan europar egitasmoa osatzen duten beste nazioek duten izaera bera izatea eta egiteko bera betetzea. Gaur egun, Bruselara joateko, Madriletik igaro behar dugu, eta denbora galtzea suposatzen du horrek. Euskal hiritarrok Bruselara joan nahi dugu zuzenean, itzulingururik egin gabe".
26 Azaroa | Berria

Gaur goizean Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, EBBko presidenteak gogoratu du datorren astean  alderdi politiko ezberdinekin harreman erronda hasiko duela estatusaren inguruko eztabaidari hasiera emateko. Azpimarratu duenez “hasiera batean, PP alderdia izan daiteke kontra egon daitekeena, baina beste Autonomi Erkidegoetan dituzten  kideak hasi dira Autonomi Estatutuak erreformatzen. Gernikako Estatutua izan da orain arte erreformatu ez den bakarra; ondorioz, erreformari uko egitea ez litzateke koherentea izango. PSE Estatu federala egiteko eredua proposatzen ari da Autonomien Espainian ezartzeko, eta suposatzen dut Estatu federal horren barruan marko bat aurreikusiko dutela Euskadi bertan integratzeko. PSEri eta Patxi Lopezi entzun diegu Estatutua erreformatu beharra dagoela. Eta alderdi abertzaleei dagokienez, gradua ezberdina izango litzatekeen arren, Gernikako Estatutua erreformatzea beharrezko gauza da. Batzuentzat beharrezkoa da Gernikako Estatutuan inoiz sinistu ez dutelako eta beste batzuentzat beharrezkoa da bete gabe utzi delako eta Estatuarekin sortu diren arazoak direla eta, egokitzeko beharra ikusten dutelako. Gernikako Estatutua txiki geratu zaigu eta jantzi berria egin behar dugu. Nola? Ahal den adostasun mailarik handienarekin. Nahiko genuke gutxienez 79ko adostasun haiek  izatea, baina adostasun hori zabaltzea nahiko genuke. Orduko hartan nortzuk geratu ziren kanpoan? Muturreko biak. Oraingoan biak edo gutxienez bat sartzea nahiko genuke".

PSEk Eusko Jaurlaritzak 2014 urterako prestatu dituen Aurrekontuei babesa emateari dagokionez azpimarratu duenez "PSEren erabakia alderdi bien artean ekonomiaren suspertzea bultzatzeko, enplegua sortzeko eta zergak arautzeko hartu zen akordiorako egin zen prozesuaren azken urratsa litzateke. Sarreretan eta neurri handi batean gastatu behar denean ados jarri bagara, logikoena da Aurrekontuak onartuak izatea eta onespena jasotzea. Guk espero genuen zerbait zen. Oso garrantzitsua da aurrekontu horien kudeaketa. Eusko Jaurlaritzak lana egin behar du orain Euskadi krisitik ateratzeko eta enplegua sortzeko. Euskal hiritarren %78 kezkatuta bizi da enplegua gorabehera. Ekonomiaren hobekuntza txikia ematen ari da, eta oinarri hori aprobetxatu behar da putzu honetatik irteteko urratsak finkatzeko".

Ortuzarrek Europako hauteskundeetara CiU alderdiarekin batera joango den ala ez galdetu diotenean esan duenez "CiU gaia aztertzen ari da. Logikoa da Catalunyako egoera politikoak bere egoeraz pentsatzera eramatea, Catalunyako irakinaldi politikora lotuta egongo delako. Gu prest gaude Europako hauteskundeetan haiekin batera parte hartzeko, beti bezala. EAJ-PNV ez da deseroso sentitzen Catalunyako aldarrikapenekin. Eta uste dut Euskadi-Catalunya artean eta beste nazionalitate batzuekin egingo litzatekeen akordioak  Catalunyak une honetan egiten duen aldarria indartuko lukeela. Errespetu osoz arituko gara catalunyarrekin, baina ez da izango EAJk  nahi ez duelako. Edozein kasutan, negoziaketak oso aurreratuta daude Kanariar irletakoekin eta galegoekin, aurreko hauteskundeetako aliantzak errepikatzeko, baina baita catalunyarrekin ere. EAJ koalizio zabalaren barruan egongo da eta Herrien Europa aldarrikatuko dugu EB indartsu batean eta europar gobernu indartsu barruan".

Amaitzeko, eta Eusko Jaurlaritzaren Bake Planaren barruan aurreikusten den eta Sortuk kritikatzen duen zoru etikoaz galdetu diotenean esan duenez "gakoa da orain ezker abertzaleak gustuko ez duena esatea, zoru etiko horren barruan egia ez dena esatea. Falta dena esan diezagutela. EAJ prest dago Sorturekin hitz egiteko eta zoru etikoa osatzeko gauzak sartzeko. Baina ulertzen zaila egiten zait, zoru etiko hori Giza Eskubideen ikuspuntutik aztertuta, Sortuko batzuek ezin ulertzea".

PARTEKATU