"Itun fiskala aurrerapauso izugarria da krisia gainditzeko eta zerbitzu publikoei eusteko"

Josune Gorospe EAJko legebiltzarkideak PSE-EErekin adostutako akordioaren alde egin du; izan ere, ez du bere gain zergen igoera “orokor” bat hartzen, eta, ez du indarrean dagoen marku konpetenziala urratzen. Hala ere, paktuan amore emateko aukera agertu du beste alderdiak hitzarmenera erakartzeko.
26 Iraila | Berria

Legebiltzarreko fiskalitateari buruzko eztabaida monografikoan, Gorospek ziurtatu du EAJ eta PSE-EE alderdien arteko akordioa aurrerapauso nabarmena dela eta izugarrizko aurrerapausua suposatzen duela Euskadirentzat krisialdia gainditzeko eta zerbitzu publikoei eusteko xedez.

“Benetan uste dugu zerga-sistemaren erreformarako itun honek beste alderdi politikoen babesa lor dezakeela. Gure ustez, gainerako alderdiek jakin badakite, erreforma hau erabat beharrezkoa dela”, esan du Gorospek.

“Euzko Alderdi Jeltzaleak ez dio inoiz uko egin eztabaida honi. Guri esate hutsa baino, esatea zehaztea eta egitea gustatzen zaigu. Hitz egin, negoziatu eta, azkenean, zerga-sistema honen erreforma prposatu dugu, bi alderdiek babestuta, hainbat eta hainbat aldiz Eusko Legebiltzarrean proposamenak egiten direnean”, esan du.

Legebiltzarkide jeltzalearen berbetan, “irtenbide oso ona eta egokia da Euskadin pairatzen ari garen krisialdia gainditzeko”.

“Akordioa adosteko buru-belarri aritu gara. Eta buru-belarri arituko gara akordio handiagoa lortzeko. Amore emateko prest agertu gara, eta gainerako alderdiak ere prest egongo direla uste dugu, hori baita negoziazioa”, amaitu du Gorospek.

PARTEKATU