Eusko Jaurlaritzak eta ontzigintza sektoreak kontratu berriak gauzatzea lehenetsiko dute eta bi izenpetu direla iragarri dute

Eusko Jaurlaritzak eta ontzigintza sektoreko ordezkariak gaur bertan batzartu dira Bilbon “tax lease”ren inguruan hartu den erabakiarekin batera sortu den eszenatokian eman beharreko urratsak aztertzeko. Batzarrean lehenetsi egin dute “inbertsore berriekin” “kontratu berriak” gauzatzea eta sektoreari segurtasun juridikoa ematea. Aldi berean azpimarratu dute ontziolek bi kontratu izenpetu dituztela finantza sistema berria dela medio.
Eusko Jaurlaritzak eta ontzigintza sektoreak kontratu berriak gauzatzea lehenetsiko dute eta bi izenpetu direla iragarri dute
30 Uztaila | Berria

Topaketa amaitutakoan, Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailburuak gogora ekarri du diru laguntasunak berreskuratzea espainiar estatuari dagokiola  bera izan baita “zehatua izan dena” eta itzuli beharreko kopurua jakiteko kalkuluak egin beharko dituena, orain arte ez baitakite “1000, 400 edo 200 milioi ote diren”.

Ontziola eta ontzi-enpresen ordezkariek, Itsas Foroko kideak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek bileran aztertu dituzte hurrengo hilabeteotan eman beharreko urratsak Europar Batzordeak “tax lease” izenekoari buruz behin betiko erabakia hartu ondoren. Aldi berean, xede horrekin eratu den Lan taldearen gidalerroak ezarri dituzte.

Talde hau irailean batzartuko da eta Itsas Foroa izango da lan ildoak koordinatuko dituena. Horrez gain,martxan jarri den finantza sistema berri hau aztertuko du, finantzaketa  eta inbertsore berrien ildo berri hau landuko du eta merkatu berriak bilatu eta  I+G ildo berrien garapena aztertuko du.

Tapia sailburuak azpimarratu du  euskal ontziolek kontratu bi izenpetu dituztela finantzaketa sistema berria dela bide. Gaineratu duenez “Sistema honek etorkizuna badu, baina ondo finkatu beharra dugu”.

PARTEKATU