Urkullu: “EAJren konpromisoa krisialditik irtetea da, eta behin betiko Bake eta elkarbizitzaren alde lan egitea”

Iñigo Urkullu EAJren EBBren presidente eta lehendakarigaiak Madrilen Nueva Economia Foroan eskaini duen hitzaldian azpimarratu duenez, “Hurrengo euskal hauteskundeotan EAJri emandako babesa izango da krisitik irteten saiatzeko babesa, zorroztasunez gobernatzeko, hazteko eta enplegua sortzeko. Behin betiko bake eta elkarbizitzaren alde lan egiteko babesa. Euskadin, autogobernu maila handiagoa bilatzeko babesa izango da; lana,akordioa eta elkar ulertzea lortzeko babesa. Jakin badakigu ezinbestekoa dela Elkarbizitza eta Elkartasuna indartzea, hiru hamarkadatan mehatxu,gorroto eta terrorea bizi ondoren”
Iñigo Urkullu EAJ-PNV
25 Iraila | Berria

Urkulluk hasieran aipatu du Espainiar Estatuko egoera ekonomikoa  “Gobernuak albait arinen erabaki behar du erreskatea, eta halakorik egiten ez badago, baldintzak, nazioarteko babesa eta merkatuen babesa negoziatzen hasi behar du. Erreskatea Europako agintari ekonomiko eta politikoekin negoziatu behar da, eta baita Nazioarteko Moneta Funtsarekin ere, kalifikazio agentzien jarrera arduratsua jasotzeko” .

Jeltzaleen buruak Euskadik bizi duen egoera politikoa ere aipatu du “Euzko Alderdi Jeltzalearen asmoa da Euskadi Europa barruko Herri gisa aitortua izatea, eta batasunak eta nazioarteko erakundeek hala aitor dezatela. Gure nortasun nazionalaren aitortza. Estatus politiko berria, elkarrekin bizitzeko,baina elkar ulertuz, eta mendekotasunik eta etengabeko mesfidantzarik gabe. Eta, jakina, akordio berri honek Euskal Herriaren berrespena beharko du”.

Amaitzeko, Iñigo Urkulluk zera adierazi du “nire borondatea, EAJren borondatea da krisi honen ondorio politiko eta ekonomikoei aurre egitea. Elkarrekin adostea, elkarrekin jarduteko. Elkarbizitzarako akordioa, elkar ulertzeko. Aurre egin ezean, gaiztotuko diren arazoak konpontzeko”.

PARTEKATU