EAJk egia eta justizia eskatu du Iñigo Cabacasen heriotzaren inguruan

Mikel Martinez legebiltzarkide jeltzaleak Barne sailburuari eskatu dio "epaileen atzetik ezkutatzen ez jarraitzeko eta berari dagozkion erantzukizun politikoak bere gain har ditzala", horregatik, maiatzaren 18ko Legebiltzarreko bilkuran Ares interpelatuko duela aditzera eman du.
EAJk egia eta justizia eskatu du Iñigo Cabacasen heriotzaren inguruan
11 Maiatza | Berria

Aresek Legebiltzarrean agerraldia eman zuenetik, apirilaren 12an, Iñigo Cabacasen heriotzaren lehenengo argibideak emateko, Barne sailburuak ez du ezer gehiago adierazi; izan ere, Ares sailburuak argudiatu du gaia eta informazio osoa epaitegietan dagoela, eta, beraz, ez dela posible Legebiltzarreko taldeei informazioa eman, Legebiltzarreko kontrola saihestu nahian. 

Hori dela eta, Lopez Exekutiboaren oztopo honen aurrean, Euzko Abertzaleak Legebiltzar Taldeak aditzera eman du Legebiltzarreko maiatzaren 18ko bilkuran Ares sailburua interpelatuko duela. Mikel Martinez legebiltzarkideak prentsaurrekoan esan duenez, ikerketaren nondik norakoa eskatuko du, segurtasun neurrien plangintzatik zoritxarreko jazoera gertatu arte argibideak jakiteko.

“Iñigo Cabacas Liceranzu hil zenetik hilabete bat pasatu da, eta ezin dugu onartu Ares jauna epaileen atzetik ezkutatzen jarraitzea, argibideak ez emateko. Era berean, ez dugu onartuko argibide horiek bakarrik justizia epaitegietan ematea, ezta ere erantzukizuna polizia-operazioan parte hartu zuten funtzionario publikoengan uztea”, esan du Mikel Martinezek.

EAJren ustez, gertatutakoaren analisi sakona egitea beharrezkoa da, baita ere, aurrekariak, testuingurua, kudeaketa politikoa, erakundearen egoera eta zerikusia duten bestelako gaiak ere kontuan hartu behar dira.

Legebiltzarkide jeltzalearen berbetan, “transparentzia eskatzen dugu, baina batez ere, egia eta justizia. Ez bakarrik epaitegietan emandako justizia, baizik eta politikatik erantzukizuna bilatzen duena, gai publikoak oker kudeatzeagatik”.

Halaber, EAJko legebiltzarkideak Aresi eskatu dio familiak egindako eskaerei behar bezala erantzuteko, adibidez, arreta psikologikoa”.

PARTEKATU