Urkullu: “Amaitua da jada ETAren garaia. Orain hasiko da Askatasuna ta Euskadiren aldia”

EAJren EBBren presidente den Iñigo Urkulluk, ETAK jarduera armatua behin betiko uzteko egin duen adierazpenaren aurrean adierazi duenez, “aspalditik itxaroten genuen albistea” dela azaldu du. “ETAren aldetik interesatzen zitzaigun komunikatu bakarra zen; amaieraren iragarpena. Eta azkenean, iritsi egin da”. “Hain une hunkigarri eta garrantzitsuan, derrigorrezkoa da gogoan hartzea urteotan intolerantzia bortitzaren tributu ankerra ordaindu dutenak. Beren neke eta sakrifizioa ez da antzua izango. Gure oroimenak biktimen gogorapenarekin ondua, mendeku goserik gabeko Euskadi berria loratuko du, errespetuan eta askatasunean”.
20 Urria | Berria

“ETAk bere eginkizun armatuaren behin betiko amaiera iragarri du. Albiste bikaina da. Amaitu da amesgaiztoa. Azkenean, hurrengo orrialdera igaro ahal izango gara. Beldurrik gabe iratzarri, eta geroari itxaropentsu begiratu. Bakearen ongi gorena hementxe bertan dugu. Euskadik lortu egin du. Euskadik bortxakeria makurrarazi du. Zorionak Euskadi!!!” gaineratu du.

Urkulluren aburuz, “egun garrantzitsua dugu denok. Baina horrek ez digu hainbatetan esan duguna errepikatzea eragotziko. Euskadik ez dio ETAri ezer zor. ETA da Euskadirekiko zor larria duena. Bortxazko jardunaren amaierak eraman behar du armak uztera eta taldea desegitera. Herri honekin hartu duten zorraren parte bat da”.

Buruzagi abertzaleak azken adierazpen bat egin du Euzko Alderdi Jeltzaleak ETAren komunikatuaren inguruko premiazko balorazio honen gainean:  “Bortxakeriari behin betiko uko egite honek Euskadin bake iraunkorrerako bidea zabaldu behar du. Adiskidetzeak eta elkartasunak aldi berria zabaltzerik izan dezaten”.

“Euzko Alderdi Jeltzaleak eskua luzatu nahi dio Ezker Abertzaleari, Euskadiko talde politiko eta sozial guztiekin batera, elkarrekin egin dezagun adiskidetze eta elkartasun bide hori” gaineratu du.

“Amaitu da jada ETAren, Euskadi ta Askatasunaren aldia. Orain hasiko da Askatasuna ta Euskadiren aldia”. 

PARTEKATU