Egibar:“Ezker abertzalearen hauteskunde-itunerako proposamena ez da ez errealista ez egiazkoa”

Joseba Egibarren iritziz, “une honetan egiazki garrantzitsua zera da: behin betiko Bakerako oinarriak ezartzea, elkarrekiko errespetua eta konfiantza berreskuratzea elkarrizketa eraikitzailearen bitartez, Sorturen legeztatzea lortzea, ETAren indarkeriaren behin betiko amaiera eta gatazka politikoa konpontzeko proposamen demokratiko positiboak zehaztea”.
Egibar:“Ezker abertzalearen hauteskunde-itunerako proposamena ez da ez errealista ez egiazkoa”
11 Abuztua | Berria

“Ezker abertzaleak EAJri egin dion proposamena ez da ez errealista ez egiazkoa”. Hitzokin baloratu du GBBren presidenteak, Joseba Egibarrek, ezker abertzaleak egin duen hauteskunde-itunerako eskaintza. “Benetako eta egiazko proposamenak ez dira egiten komunikabideen bitartez”, azpimarratu du. “EAk eta Alternatibak, eta Sortu legeztatu zain dagoen ezker abertzaleak egindako antzezpen huts bat da”, erantsi du Egibarrek, “bi alderdi abertzaleri egina –EAJ eta Aralarri–, Nafarroan NaBai koalizioan elkartuta daudelarik”.

Burukide jeltzalearen iritziz, “EAJren lehen erreakzioei ezker abertzaleak erantzundakoa –baita bere sokako komunikabideena ere–, penagarria ez ezik, esanguratsua eta argigarria da”. “Ezetz erantzuteagatik, EAJk iruditan eta –nola ez ba!– bototan nola ordainduko duen esanez ibiltzeak, ondo asko erakusten du zeintzuk diren beren benetako asmoak”, erantsi du.

Egiazkoa ez izateaz gainera, GBBren presidenteak uste du, “gogokoa izan ala ez, hauteskunde-itunerako proposamena ez dela errealista ez datorrelako bat batzuen nahiz besteen lehentasun eta helburu nagusiekin”.

Honen harian, galdera hau egin du Joseba Egibarrek: “Zer aldatu da 35 urtetan, EAJk eta ezker abertzaleak ordezkatzen dituzten abertzaletasunaren bi adierazpen batera joan daitezen hauteskunde-koalizio baten baitan, orain arte halakorik egin ez badute?”

Egibarrek ohartarazi duenez, esaten denean “garai berri baten hasiera dela” –eta baieztapen horrekin bat dator buruzagi jeltzalea– galdera batzuk sortzen dira, hala nola, “zergatik eta zein egintza eta gertaerak kokatzen gaituzten garai berri horretan”. “Galdera hauen erantzunek emango dizkigute gure herriari eragiten dioten erabaki estrategiko sakonak justifikatzeko giltzarriak”, nabarmendu du.

EAJ eta Sorturen arteko harremana dela eta, galdera batzuk zehaztu ditu Joseba Egibarrek, bere iritziz erantzun beharrekoak: “Zerk batzen ditu bi alderdi abertzaleak edo, bestela esanda, zerk bereizi ditu edo zerk ez die utzi 35 urtetan hauteskunde-itunik egiten? ETAren existentziak eta indarkeriazko estrategiak? Horrek besterik ez? Gertatu al da ETAren indarkeriaren behin betiko amaiera? Eskatu al du ezker abertzaleak delako bukaera hori?”. 

Bestetik, bozemaile jeltzalea sinetsita dago “honelako itun bat funtsean ez litzatekeela eraginkorra izango, bakoitzak bere bidea egin beharra daukalako bakezko bizikidetzaren errepide nagusira ateratzeko nahiz nazio-eraikuntzaren eta Euskadiren independentziaren autopistan sartzeko”. “Izatekotan, proposatutako itunak hauteskundeetan lor lezakeen arrakastak arreta desbideratzeko balio lezake eta gabezia edo betebehar nagusiak ezkutatzeko”, adierazi du Egibarrek. Beraz, “ezker abertzaleak bere kabuz daraman estrategiak eskatzen dio bidea bere kasa egin behar duela; ibilbide hori ez da lotu behar hauteskunde aurreko itunak egitera, ETAri arrazoi eta egintza berriak eskaintzeko asmoz, erakundeak borroka armatua behin betiko utz dezan”.

Bestetik, Egibarrek galdera hau jarri du: ea bi estrategien bidez garatutako kultura politikoek –hainbeste urtetan sendotu eta gihartutakoak eta askotan elkarren aurkakoak– naturalki hartuko ote luketen halako erabaki garrantzitsu bat.

“Gainera, ez daukagu ahazterik ezker abertzaleak presentzia gorabeheratsua izan duela Gorte Orokorretan, desberdina eta aldikakoa, unean uneko estrategiaren araberakoa”, gogorazi du, “eta orain, bere proposamenean dio iritsi dela garaia eta unea Euskal Herriaren nazio-eskubideak defenditzeko; beraz, ondorioztatu beharko litzateke, ezker abertzalearen iritziz 1977an, 1979an, 2004ean, 2005ean… ez zirela eskubide horiek defendituak izan eta, izatekotan, gaizki izan zirela defendituak”. “Berriz ere, batzuen jarrera ikusirik, badirudi mundua hasi berria dela mugitzen eta Lurra abiatzen, eta denboraren hasieran gaudela. Hala dio ezker abertzaleak, eta ez da konturatzen 24 ordu oro, Lurrak bira osoa egiten duela bere ardatzaren inguruan”, bota du ironiaz Egibarrek.   

Testuinguru honetan, buruzagi jeltzaleak dioenez, “orain-oraintxe aurreneko gauza eta benetan garrantzizkoa zera da:

- Behin betiko Bakerako oinarriak ezartzea, indarkeriari arnasa ematen zioten baldintza sozial eta politikoak desagerraraziz, batez ere, norbanakoaren eta taldeen jarrerak.

- Koherentzia etikoan oinarrituz, giza duintasuna bere osoan errespetatzeari ekitea, eta hortik sortzen diren giza eskubide guztiekiko begirunea izateari.

- Elkarrekiko errespetua eta konfiantza berreskuratzea, elkarrizketa eraikitzailearen bitartez.

- Sortu legeztatzea azaroaren 20ko hauteskundeak deitzen direnerako.

- ETAk indarkeria behin betiko uztea.

- Bake-egoera sendotzeak demokrazia sakontzea ere eskatzen du. Ezinbestekoa da proposamen demokratiko positiboak zehaztea, arazo politikoaren konponbidea bilatzeko”.

PARTEKATU