Urkulluk lankidetza eta talde lana proposatu ditu Bildu, PP eta Elkarrekin Podemos alderdiek osatu duten “blokeo-aliantza” atzean uzteko

Lehendakaria, Ramiro González eta Gorka Urtaran gaur goizean izan dira Gasteizko Europa Jauregian, Arabako EAJ-PNVko herri kargudunek bertan egin duten bileran
15 Abendua | Araba

Iñigo Urkullu lehendakariak hitzeman du EH Bildu, Partido Popular eta Elkarrekin Podemos taldeek gaur egun osatzen duten aliantzari aurre egiteko prest dagoela EAJ-PNVk betidanik baliatu dituen tresnak erabilita: erakundeen arteko lankidetza eta talde lana Araban eta EAEko gainerako Herrialdeetan. Urkullu gaur goizean izan da Arabako herri kargudun jeltzaleen artean Gasteizko Europa Jauregian egin den lan bileran, José Antonio Suso, Araba Buru Batzarreko presidentea, bertan zelarik. Topaketa berean, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek eta Euskadiko hiriburuko alkate Gorka Urtaranek erakundeen artean egin beharreko lankidetzaren aldeko apustuari eutsi diote. Arabako hiritargo osoari onura handiak ekarri dizkion estrategiarekin jarraitzeko asmoa adierazi dute, pertsonak jardun politikoaren helburu dituzten proiektu,ekimen eta neurrien bidez.

Urkulluk ez du aipatu gabe utzi nahi izan aste honetan bertan gertatu dena, Ezker Abertzaleak eman duen `danbatekoak´ Eusko Jaurlaritzari eragotzi diolarik Aurrekontu onak aurrera ateratzea eta milaka euskal hiritarri beren soldatetan, laguntza edo osagarrietan hobekuntza ekonomiko nabarmena jasotzea. “Gasteizko udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Aurrekontuak luzatzeko beharrean aurkitzen gara EH Bilduk Elkarrekin Podemosekin eta Partido Popularrarekin daukan aliantzaren ondorioz. Hiru alderdi horiek elkartuta, ibilbide labur-laburra izango duen politika elektoralistari ekin diote egitasmoak blokeatzeko eta geldiarazteko helburu bakarrarekin. Hori ez da ‘auzolana’: hori da ‘ezetzaren aliantza partidista’”, salatu du Urkulluk indar metaketa bitxi hori bere asmoarekin irtengo ez dela baieztatu baino lehen. “Argi bezain sendo esaten diegu ez dutela lortuko. Gu, orain, inoiz baino elkartuago, inoiz baino indartsuago. Haiek, ‘politikaren gauzekin’; gu ‘gauzen politikarekin’: Gasteiz, Araba eta Euskadirentzako proiektu onak ateratzeko helburuarekin. Elkartuta gaude emaitzak emango dituen lana ateratzeko helburuarekin”. Eta esandakoaren adibide gisa aipatu ditu Araban lankidetza honek ekarri dituen hamaika ekimen: Gasteizen hiriburutasun kanona, 40 milioi eurokoa; mugikortasun jasangarri eta iraunkorrerako azpiegiturak; ingurumenerako azpiegiturak hiriburuko uztai berdea zabaltzeko eta Zapardiel, Batan eta Zadorra ibaiek gainezka egitea saihesteko; toki enplegurako programak eta programa sozialak, Sarrerak Bermatzeko Errenta hilero jasotzen duten 6.700 familiari babesa ematen jarraitzeko; hobekuntzak osasun azpiegituretan, besteak beste Txagorritxu eta Santiago erietxeetan eginiko lanak; hobekuntzak hezkuntza azpiegituretan; saskibaloiko Final Four eta Artium Museoari, Andra Maria Katedralari eta Mendizorrotzari emaniko babesa; 2019 urtera begira Forondan 24 orduko zerbitzua berreskuratu izana; Miñanoko ziber-segurtasun zentroa; Arasurreko instalazio fotoboltaiko berria, Euskadiko handiena izango dena; edo Arabako hiriburura Abiadura Handiko trena lur azpitik iristea.

Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzalezek azken legealdi honetan Foru Gobernutik egin den lana izan du hizpide. Gonzalezek nabarmendu du Forondako aireportuak bizi izan duen garapena, bereziki bidaiari kopuruan eman den igoera esponentziala, 130.000 izatera iritsi dena, edo epe laburrean 24 orduko zerbitzua irekiko dela. “Hilzorian zegoen eta orain osasuntsu dago eta gero eta indar handiagoa hartzen ari da”, baieztatu du. Era berean nabarmendu du komunikabide alorrean eta Araba konektatuta egon dadin eman den jauzi handia , abiadura handiko Internet sarea herrialdeko txoko guztietara eramanez. “Berrikitan egiaztatu nuen hori Maeztun, Anartz alkatearekin. 400 mega jasotzen dute, Gasteiz erdian daukagun abiadura berbera”, gogoratu du. “Beste batzuek hitz egiten duten bitartean, guk lan egiten dugu eta hauek dira fruituak. Oinarriak jarri ditugu eta orain lan egiten jarraitzea geratzen zaigu”, baieztatu du Gonzalezek, jarraian, PPk eta EH Bilduk 2019rako Foru aurrekontuen aurrean erakutsi duten jarrera gogora ekartzeko. “Azken urteotan Araban aurkeztu diren aurrekonturik onenak aurkeztu genituen eta ez dute negoziatu nahi izan. Eskutik doaz. Partido Popularraren eta EH Bilduren arteko akordioa dago Araban. Erradikaltasunaren akordioa da eta Arabak ez du erradikaltasunik behar”. Amaitzeko, Gonzalezek azpimarratu du Arabak behar dituen hazkundea eta itxaropena Euzko Alderdi Jeltzaleak baino ez duela bermatuko. “Araba ezagutzen dugulako, Araba maite dugulako eta ondoen prestatutako pertsonak, proiekturik onenak eta ilusiorik sendoena dauzkagulako”.

Gasteizko alkateak, Gorka Urtaranek, gaur egungo Vitoria-Gasteiz hiriak dituen ezaugarriak azpimarratu ditu: martxan dagoen hiria da, erakargarria, erreferentea eta etorkizun oparoa dauka aurretik. “Legealdi hasieratik bertatik eta bereziki 2017 urtetik, inbertsio handiak jasotzen zituen Aurrekontuekin, hainbat lan bultzatu ditugu hiri osoan, auzoetan zein erdigunean”. Mugikortasunari dagokionez, Urtaranek aipatu du Tuvisak jaso duen bultzada berria, ibilgailu berriak erosita, periferiako linea eraldatuta eta autobus elektriko adimenduna jarrita, tranbiaren ibilbidea zabalduta eta abiadura handiko trena lur azpitik sartu dadin lortu den konpromisoarekin. “Hiri hau martxan dago eta abiadura handian mugitzen gara, era iraunkor, jasangarri eta osasungarrian, azpiegitura modernoekin eta proiektu berritzaileekin”. Alkateak era berean aipatu du hiria gero eta erakargarriago dagoela, gero eta turista eta bisitari gehiago jasotzen dituela eta 2019an nazioarte mailako hainbat ekitaldi hartuko dituela, besteak beste saskibaloiko Final Four delakoa, Ironman proba eta Enoturismo eta Michelin Hiriak nazioarteko kongresuak. “Baina erakargarriak ere bagara enplegurako eta enpresentzat, nazioarte mailan benetan garrantzitsuak diren enpresentzat. Eta , hori dena gutxi balitz, Estatu osoko hirien ranking guztietan gaude, bizitza kalitate eta aurrerapen mailarik gorenetan”. Azken finean, esan du Urtaranek “gehiago garen hiria gara: dinamikoagoa, erakargarriagoa, enplegu gehiagorekin, enpresa gehiagorekin, turismo gehiagorekin, nazioarteko kongresu gehiagorekin eta etorkizunerako proiektu gehiagorekin; hori dena, udal gobernutik, datozen urteetarako garapenera begira bultzatu dugun 2025 Estrategiaren barruan”.

PARTEKATU