Ortuzar: “Ezin dugu onartu haserrealdi batek euskal herritarrak Madrilen defentsarik gabe eta Herriarentzat akordio onik gabe uztea”

EBBko presidenteak ez du ezkutatu pozik dagoela Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioarekin, "Asteetako negoziazioaren ostean", EAEko eta Nafarroako erakundeek Gutxieneko Diru-sarrerak kudeatu ditzaten.
28 Maiatza | EBB

Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak ez du ezkutatu nahi izan pozik dagoela EAJ-PNVk eta Espainiako Gobernuak lortu duten akordioarekin, "Asteetako negoziazioaren ostean", Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko erakundeek kudeatu dezaten Gutxieneko Diru-sarrera berria. Akordio horrek bermatzen du Autonomia Erkidego bietako herritarrentzat gizarte babeserako sistema eraginkor eta solidarioa abian jartzea. Cadena Ser irratiari eskainitako elkarrizketan, buruzagi abertzaleak bere poza erakutsi du bere taldeak erakutsi duelako jakin dakiela azken egunotako ezbaien gainetik jartzen eta EAEren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren onbeharrez egin behar dena egiten.

“Espainiako gobernuarekin daukagun harremanak, azken hilabeteotan, proba gogorrak gainditu behar izan ditu, eta jokaera batzuekin nahiko etsituta sentitu gara”, aitortu du Ortuzarrek, “baina halakoetan guk ` Jainkoari erreguz, beharrari mailuz´ esaera zaharrak dioena gogoratzen dugu. Ezin dugu onartu gure haserrealdi batek euskal herritarrak defentsarik gabe edo Herri honentzat onak izango diren akordiorik gabe uztea. Guztiz bateragarriak dira niretzat Gobernuak iragan astean egin zuenarekin oso kritikoa izatea , eta aldi berean, hitz egiten eta negoziatzen jarraitzea. Ni ostegunean bertan Calvo presidenteordearekin hitz egiten ari nintzen… Hori da gure filosofia, gauzak egiteko dugun era berezia. Eta uste dut ona dela”, baieztatu du buruzagi abertzaleak. “Atzo Kongresuan ikusi nuen gatazka eta borrokaren eta guk egiten dugunaren artean, nahiago dut politikagintza ulertzeko daukagun modu hau, hau da, zailtasun eta ezbai guztien gainetik, akordioetara iristea”. Puntu horretan, Ortuzarrek ohartarazpena egin nahi izan du Espainiako alderdi politiko nagusien arteko harremanei darien toxikotasun politikotik erator daitezkeen ondorio larrien inguruan. “Koronabirusak eragin dituen hilengatik gure dolua adierazten eta jendearekin geunden une berean, ikuskizun hori ematen ari zen Kongresuan. Horrek erakusten du herritarrengandik distantzia erraldoia dagoela eta uste dut ez luketela horrelako jarrerarik izan behar, nahiz eta soilik berekoikeriagatik izan. Uste dut ordezkari politikoek buru argiagoak izan beharko genukeela eta halako jokaerarik ez izan ez jende aurrean ezta pribatuan ere, baina gutxienez jendearen aurrean ez, hiritargoa politikatik eta erakundeen jardunetik urrunduko delako. Kontuz: erakundeen jarduna eta lan politikoa hiritargoarengandik urruntzen direnean, normalean muturrek irabazten dute, estremismoek”, baieztatu du.

Ortuzarrek oso positibo jo du GDSa EAEn eta Nafarroako Foru Erkidegoan kudeatzera begira lortu den akordioa “asteotan negoziatzen aritu gara eta oso akordio konplikatua da. Estatuko beste herrialdeetan ez bezala, hemen Ogasun bereiziak ditugu, eta haiek izango dira diru-laguntza hori neurri handi batean kudeatuko dutenak. Ordena jarri beharra zegon eta akordio bat adostu behar zen, baina gure Ogasunen eskuduntzak errespetatuta”, helburu hori erabat bete delar nabarmendu du Ortuzarrek.

Pedro Sánchezen Exekutiboak alarma-egoeraren seigarren luzapena proposatuko ote duen galdetu diotenean, Ortuzarrek argi eta garbi erantzun du. “Espero dut Gobernuak planteamendua egitea baina orain arte baino pixkat lehenago. Baina argi baino argiago dagoena da, Gobernuak hala egitea erabakitzen badu, azken luzapena izan beharko duela. Eta normaltasun instituzionalari atea irekitzeko luzapena izan beharko du. Garrantzitsua da, apurka-apurka, baina irmotasun osoz, urratsak eman daitezela pandemia honetan inguruan izan dugun anormaltasunak, eta osasun datuak lagun ditugu jada, normaltasun instituzionalari bidea eman diezaiola, eta erakunde bakoitzak egin dezala egin behar duena. Gure kasuan, Eusko Jaurlaritzak kudeatu beharko luke bere eskuduntzen % 100, normaltasunerako bide hori egin dezagun”, baieztatu du.

PARTEKATU