Legebiltzarreko Erregelamenduaren erreforma bultzatu dute taldeek, Covid-19ak jarduera mugatu ez dezan

Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzaleak erreforma horren beharra defendatu du, izan ere, "Egungo araudiak ez zion erantzunik ematen bizitzen ari garen salbuespenezko egoerari". Boto eskuordetuaren kasuak zabaldu egingo dira, eta saio telematikoak ezarriko dira

Legebiltzarreko Erregelamenduaren erreforma bultzatu dute taldeek, Covid-19ak jarduera mugatu ez dezan 10Irailak
2020
2020 IrailaK 10 |
Eusko Legebiltzarra

PARTEKATU

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak "ahalik eta azkarren" onartuko du erregelamenduaren aldaketa puntuala, Covid-19aren pandemiarekin bizi izandako salbuespenezko egoerek legebiltzarkideen boto-ahalmena eta parte-hartze politikoa mugatu ez dezaten. Iñigo Iturrate EAJ-PNVko ordezkariak zehaztu duenez, "Aldaketa horiek beharrezkoak eta premiazkoak dira, konfinamendua edo pertsona baten gaixotasuna bezalako kasuetan, legegilearen jarduera ez gelditzeko eta legebiltzarkideei dagozkien eskubideak ez murrizteko. Langile guztien osasuna zaintzeko ere garrantzitsuak dira aldaketa horiek ". Iturratek gogoratu du nola martxoan, koronabirusaren krisi betean, Legebiltzarrak bere eraikina itxi zuen, eta egungo Araudiak zituen hutsuneak ikusita, taldeek aho bateko akordioak lortu behar izan zituzten bilkura telematikoak egin ahal izateko. Orduan, alderdiek Araudia egokitu beharra ikusi zuten, bide telematikoak osoko bilkuretan eta batzordeetan erabili ahal izateko eta botoa eskuordetzeko kasuak zabaldu ahal izateko.

Proposatutako aldaketekin, legegileak "osoko bilkurak edo aurrez aurrekoak ez diren batzordeak egitea erabaki ahal izango du, arrazoituta, bi legebiltzar-taldek edo Legebiltzarreko kideen bostenak hala eskatuta, baldin eta ezohiko egoerek legebiltzarkideek Ganberan normaltasunez egotea eragozten badute". Halaber, boto eskuordetua erabil daitekeen kasuak indartuko dira, eta botoa bide telematikoen bidez emateko baimena emango da. Proposamen honen sinatzaileek Erregelamendu berrian txertatzen dituzte haurdunaldia, ospitaleratzea, gaixotasun larria edo Ganberan egotea eragozten duten salbuespenezko egoerak; kasu horietan, eragindako legebiltzarkideak beste legebiltzarkide baten esku utzi ahal izango du bere botoa. Gainera, kasu horietan eta amatasun- edo aitatasun-kasuetan, botoa telematikoki emateko aukera arautuko da. Horrela, legebiltzarkide batek justifikatu ahal badu ezinezkoa dela bilkura batera bertaratzea, botoa emateko eskubidea bermatuta izango du sistema telematikoen bidez.

Pandemiak aurrera egiten jarraitzen duenez eta Ganbera jarduera osoko aldi batean sartzen denez, erreforma hori presazko prozeduraren eta irakurketa bakarraren bidez gauzatuko da. "Ahalik eta azkarren izapidetu behar dugu erreforma hau; premiaz jokatu behar dugu, eta ez dugu arazoa berriro gainean izan arte itxaron behar. Argi dago ez geundela prestatuta, baina gertaeren ondorioz, bizkorrak izan behar dugu, eta araudi moldakor bat izan behar dugu, etor daitezkeen agertokietara egokitzen dena ", esan du Iturratek.

Araudia aldatzeko proposamena Ganberan erregistratu da, EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemosensinadurarekin eta PPren babesarekin, eta erakunde bertako zerbitzu juridikoek idatzi dute. EAJ-PNVren nahia erreforma legealdi honetako lehen ohiko osoko bilkuran jorratu ahal izatea da, hilaren 24an.

Interesatu Zaitez