Iñigo Urkullu Lehendakariak hiru Herrialde-erronka handi planteatu ditu: demografia, aldaketa klimatikoaren aurkako borroka eta transformazio teknologikoa

Legebiltzarraren urteko jardunari hasiera ematen dion Politika Orokorreko Osoko Bilkuran jardun du gaur Lehendakariak
Iñigo Urkullu Lehendakariak hiru Herrialde-erronka handi planteatu ditu: demografia, aldaketa klimatikoaren aurkako borroka eta transformazio teknologikoa
20 Iraila | Eusko Jaurlaritza

Elkarrizketaren, akordioaren eta lankidetzaren premia defendatu du Iñigo Urkulu Lehendakariak, horrela pausoz pauso hazten jarraitzeko, bai Gobernua osatzen duten alderdien artean bai oposizioko hiru taldeekin ere.Politika Orokorreko Debatean Legebiltzarrean izan duen jardunean Herrialdearen hiru erronka nagusiak planteatu ditu:demografia, klima-aldaketaren aurkako borroka eta eraldaketa teknologikoa.Gainera, zenbait neurri iragarri ditu, besteren artean, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako Lege Proiektua martxan jartzea, Migraziorako euskal Itun soziala, langabezia % 10etik behera murriztea enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa lortzeko, migrazioaren erronkari erantzutea eta Estatu eredu berri bat bultzatzea, bere errealitate plurinazionala eta euskal Autogobernuaren izaera berezia aitortuko dituena.

Politika Orokorreko Debatea goizeko 9:30ean hasi da Iñigo Urkullu Lehendakariaren diskurtsoarekin.Hiru ataletan egituratu da bere jarduna:Eusko Jaurlaritzaren estrategiaren ekintzak eta erronkak; Legealdiaren azken urtean garatu beharreko ekimen nagusiak; eta Euskadiren erronkak 2030 horizontean.

Lehenik, kontu emateari ekin dio Lehendakariak, eta azpimarratu duenez, Gobernu Programaren 150 konpromisoak martxan daude jadanik, eta 15 Plan Estrategikoak, berriz, exekuzioan.Gainera, gogora ekarri duenez, 15 lege-proiektu onetsi dira eta 5 lege-proposamen aurkeztu dituzte Gobernua osatzen duten alderdiek.“Ganbera honetara 28 lege-proiektu igortzeko hartua dugun konpromisoari eusten diogu”, gaineratu du.

Eusko Jaurlaritzaren estrategiaren ekintza eta erronka nagusiei dagokienez, Lehendakariak lehentasunezko lau ardatz xehakatu ditu:Giza Garapena, Hazkunde Jasangarria, Bizikidetza eta Giza Eskubideak, eta Autogobernua.

Giza Garapenaren ardatza dela eta, Lehendakariak nabarmendu duenez, aurrekontuaren 4 eurotatik 3 Osasunaren, Hezkuntzaren eta Gizarte Babesaren eremuetara daude bideratuta.“Pertsona da gure lehentasuna, gizartea da gure lehentasuna”, adierazi du.Gainera, “Euskadi Bonu Jasangarria” dela eta, azpimarratu duenez, azken bi urteetan 1.100 milioi euro lortu dira.

Hazkunde Jasangarrari dagokionez, Lehendakaria gai hauetaz aritu da: enplegua; industria eta berrikuntza; Euskadi Basque Country-ren internazionalizazioa; eta Ingurumena eta Iraunkortasuna.

Enpleguari buruz, Lehendakariak berriro nabarmendu du legeriaren lehentasunezko erronka dela langabezia-tasa % 10etik behera jaistea 2020rako, kontuan hartuta orain % 9,6koa dela.Horretarako, bultzatu egin dira ekintzailetza, enplegurako prestakuntza, hezkuntza-mundutik lan-mundurako trantsizioa eta prestakuntza duala.Gainera, jakinarazi duenez, enplegu publikoko 13.500 plazak gaindituko dira Administrazioko belaunaldi-erreleboari aurre egiteko, baita zerbitzu publikoak ‒Osasuna, Hezkuntza, Segurtasuna eta Gizarte Babesa‒ irmotzeko ere.

Lehendakariak adierazi duenez, euskal ekonomiaren lehiakortasunaren norakoa “Estrategia 4 I”-en trazatuta dago, hau da:Industria, Berrikuntza, Inbertsioa, Nazioartekotzea.Lehendakariak azpimarratu egin du urtero % 5 gehitzen dela berrikuntzari zuzendutako aurrekontua.Gainera, azpimarratu duenez, inbertsio publikoa ere hazten ari da; legealdi honetan % 14.“Joan den ekitaldiko aurrekontuaren kontsolidazioari esker lortu da, baita inbertsio iraunkorren programa bat eratu izanari esker ere, gastu-erregelan konputatzen ez denez aukera ematen duelako gure azpiegituren modernizazio-proiektuei heltzeko”, adierazi du.

Ingurumenari eta jasangarritasunari dagokionez, Lehendakariak gogora ekarri duenez, Eusko Jaurlaritzak berretsi egin du Nazio Batuen aurrean bere atxikimendua “Klima Aldaketari buruzko Herrialde Akordiora”.Gainera, aipatu duenez, joan den uztailean, Gobernu Kontseiluak onetsi egin zuen Larrialdi klimatikoari buruzko adierazpen instituzionala, eta horrela berretsi zuen erronka horretan aitzindari izateko eta eraldaketaren eragile bihurtzeko helburua, ekonomia lehiakorragoa izan dadin eta ingurumenean izango duen eragina neutroa izan dadin lortzeko.Estatuko energia fotovoltaikoaren planta handiena martxan jarri izana eta Energia Berriztagarrien Plana idatzi izana dira eremu honetako beste ekintzetako batzuk.“Eraginkortasun energetikoko gure indizea altuenen artean dago Europan”, gaineratu du.

Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen ardatza dela eta, Lehendakariak adierazi duenez, betetzen ari da “Giza Eskubideen eta Bizikidetzaren Plana”.Zentzu horretan azpimarratu duenez, bake- eta bizikidetza-politikak premiazkoak dira oraindik, zeren eta, bere iritziz, ezinbestekoa baita gizartearen aurrean azaltzea bidegabea izan zela terrorismoa; makilakada bat gizartearen eta giza eskubideen aurka.“Konpromiso etiko batetik abiatuta hedarazi nahi dugu bakearen eta bizikidetzaren kultura”, gaineratu du.

Autogobernuari dagokionez, Lehendakariak agerian utzi du Eusko Jaurlaritzak hartua duen konpromisoa “Autogobernu gehiago eta hobeago” batekin.

Bestalde, Lehendakariak aurkeztu egin ditu Legealdiaren azken urtean garatu beharreko ekimen nagusiak.Eusko Jaurlaritzak markatu zituen lau erronka nagusiak adierazi ditu, hau da,eremu hauetako ekintzak: Giza Garapena; Hazkunde Jasangarria; Bizikidetza eta Giza Eskubideak; eta Autogobernua.

Giza Garapenaren eremuan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako Lege Proiektua martxan dela nabarmendu du.Lehendakariak adierazitakoaren arabera, hori da gizarte berdinzale baterako egin beharreko bidea, emakumeen aurkako indarkeriarik gabea.“Gobernuak etengabeko ahaleginak egin ditu gizartearen kohesioaren eta desberdintasun sozialak murriztearen alde”, adierazi du.Bestalde, Migraziorako euskal Itun soziala nabarmendu du Lehendakariak. “Emigrante izan zen eta harrera egin zitzaion Herrialde bat gara.Herrialde hartzaile bat izatea dagokigu orain.Herrialde ireki bat gara, arrazismoari eta xenofobiari ateak ixten dizkiena.Itun honek erantzunkidetasun, irmotasun eta batasun konpromiso bat guregain hartzea eskatzen du”, adierazi du.

Hazkunde Jasangarriari dagokionez, Lehendakariak azpimarratu duenez, langabezia % 10etik behera murriztea eragingarri bat da enplegu gehiago eta hobea lortzeko.“Gure ekosistema hobetzea eta etorkizun ekonomiko berri bat eraikitzea da erronka.Enpresa babestea, industrian lehiakortasuna irabaztea, merkatu globalean bidea egitea, berritzea”, adierazi du.

Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen eremuan, Lehendakariak agerian utzi du lehenaldiari buruzko hausnarketa kritiko global bat egiteko premia, indar politiko guztiek partekatua; baita memoriari dagokionez adostasunerako gune konstruktiboak eta partaidetzazkoak zabaltzeko premia ere, biktimen aitortza eta ordaina barnean direla.Gainera, Memoria Historikoaren Legea eta Share Proposamena aipatu ditu.Lehendakariak adierazitakoaren arabera, migrazioaren erronkari erantzutea solidaritatearen agindu bat da; aurrerabidearen eta oparotasunaren agindu bat eta, zentzu horretan, eskatu eta eskaini egin du konpromisoa.

Autogobernuari dagokionez, Lehendakariak bere nahia adierazi du Autogobernuko Ponentziako adituen lanak aukera eman dezan barne-akordioa zabaldu, sakondu eta hedatzeko, Autogobernuan aurrera egiteko.“Etorkizuneko gure erronkei aurre egiteko Autogobernu dinamiko baten ahalmenean sinesten dut”, gaineratu du.

Lehendakariak azpimarratu duenez, ezinbestekoa da Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa bat ezartzea euskal agendan aurrera egin ahal izateko, kontuan hartuta agendan biltzen direla egiteko dauden transferentziak gauzatzea, Abiadura Handian aurrerapausoak emateko inbertsioak bultzatzea, industria eta eraldaketa energetikoa babestea, automozioaren sektorearen etorkizuna bermatzea eta euskal Aireportuen alde apustu egitea.“Gai horiek ezin dute bazterrean geratu Estatuan bizi den ezegonkortasunaren, hauteskunde-giro etengabearen edo Espainiako Gobernuan elkarrizketarik ez egotearen ondorioz”, gaineratu du Lehendakariak.Zentzu horretan azpimarratu duenez, atzerapauso bat da hauteskundeak errepikatzea.

2020ko Aurrekontuen Aurreproiektua aipatzean, zeina datorren hilabetean onetsiko den, Lehendakariak azpimarratu duenez, lehen aldiz, emakumeen eta gizonen berdintasunaren ikuspegitik landutako proposamen bat izango da; eta lehentasuna emango die kohesio sozialari, ekonomia suspertzeari eta kalitateko enpleguari.Bestalde, Lehendakariak aitortu duenez, aurrekontuak negoziatzeko, jabetu egiten dira Ganbera honetako Taldeen erraztasuna lortzearen premiaz.

Azkenik, Lehendakariak partekatu egin du 2030 horizonteko Euskadiren erronken ikuspegia eta, bere iritziz,eraginkortasunez erantzun behar izango zaio eszenario globaleko eraldaketa hirukoitzari:Demografiko-sozialari; Energetiko-ekologikoari eta Teknologiko-digitalari.“Eraldaketa hirukoitzaAUKERA BAT DA”, adierazi du.Lehendakariak ziurtatu duenez, Euskadi prest dago eraldaketa global horri aurre egiteko.Horretarako, Eusko Jaurlaritzak esparru bat du Agenda 2030ak eta Garapen Iraunkorrerako 17 Helburuek definitua, Gobernu Programan zehaztutako norabide batekin; eta lankidetza-eredu instituzional eta sozial batekin.“Norabidea egokia da eta, auto-exijentzia handienarekin, pausoz pauso jarraituko dugu aurrera”, gaineratu du.

Eta pausoz pauso hazten jarraitzeko, elkarrizketaren, akordioaren eta lankidetzaren alde apustu eginez amaitu du bere jarduna Urkullu Lehendakariak.Hala, azpimarratu egin du Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna dela egonkortasun politikoa eta Gobernuaren ekintza babestea.Lehendakariak adierazi duenez, ezegonkortasuna etengabea izan arren, Euskadin elkarrizketa politiko bat egon da, bai Gobernua osatzen duten alderdien artean bai oposizioko hiru taldeekin.“Egonkortasun politikoa Herrialdearentzat eta instituzioen ekintzarentzat.Elkarrizketa akordiorako borondatearekin.Nire esku dagoen guztia egingo dut Euskadin politika baliagarri batekin hartuak ditugun konpromisoari eta erantzukizunari eusteko” gaineratu du.

Iturria: Irekia

PARTEKATU