Euskal erakundeetara trenbidearen transferentzia aldarrikatu du Joseba Agirretxeak

“Gipuzkoaren bertebrazio elementu bat da Irun-Brinkola linea eta gurea izanda, Euskaditik hobeto kudeatuko dugu”, esan du jeltzaleak
Euskal erakundeetara trenbidearen transferentzia aldarrikatu du Joseba Agirretxeak
05 Azaroa | Gipuzkoa

Joseba Agirretxea Kongresurako hautagaiak trenbide sarearen transferentziaren garrantzia azpimarratu du Zumarragan egin duen hitzaldian. “Gipuzkoa iparraldetik hegoaldera bertebratzen duen linea da Irun-Brinkola eta trenbide sare horrek milaka pertsona mugitzen ditu egunean. Elementu hori oso inportantea da eguneroko lan jardueran eta gizartean orokorrean”. Izan ere, garraio edo garraiobide bat izateaz gain, “bertebrazio elementu bat” dela deskribatu du Agirretxeak. “Beraz, iruditzen zaigu berebiziko garrantzia duela, guri dagokigulako eta euskal erakundeetara trenbide sare horren transferentziaren alde borrokatzen jarraituko dugu”, gehitu du, eta esan du talde jeltzalea ziur dagoela transferentzia hori “gurea izanda, hobeto gestionatuko genukeela”. “Bitartean trenbide horrek behar dituen hobekuntza guztiak eskatzen jarraituko dugu; hala nola pasarelak, geltokiak, trenbidearen egokitzea… “Momentuz beraiei dagokien egin beharreko lan hori guztia, hain zuzen ere”, zehaztu du.

Azpiegituren gaia eta hauen transferentzia euskal erakundeei lehentasuna da EAJ-PNVrentzat, “denborak erakutsi digulako Euskadin eta Euskaditik hobeto kudeatzen direla”, azpimarratu du Agirretxeak, eta halaber salatu du Espainiar gobernuak beraien borondatez inoiz ez dutela aurrerapausorik eman euskal autogobernuan eragiten duten kontuetan eta herri honetatik erreklamatu diren gaiei bide emateko. “Horregatik behar, eta nahi dugu Madrilen egon. Gurea dena eskatzeko eta autogobernuan sakontzen jarraitzeko. Nor EAJ-PNV baino hobe horretarako?”, esan du hautagaiak. Zumarragan egin ditu adierazpen hauek Joseba Agirretxeak, eta berarekin batera izan dira Maribel Vaquero, EAJ-PNVko Senaturako hautagaia, Iñigo Barandiaran, Luke Uribe-Etxeberria eta Mertxe Garmendia, eta baita eskualdeko beste hainbat kide jeltzale ere, hala nola Beasaingo alkate Aitor Aldasoro, Legazpiko alkate Koldobike Olabide eta Urretxuko alkate Jon Luqui. 

Agirretxeak Beasain-Ordizia arteko “playa de vías” bezala ezagutzen den eremua ere gogoan izan du gaurko bisitan. “Gaur egun erabiltzen ez den eremua da eta bi herri horien onurarako, proiekziorako, erabiltzeko proiektu bat egitea sartu dugu aurrekontuetan; proiektu hori garatu dadin Ordizia eta Beasain artean”, azaldu du Kongresurako hautagaiak. “EAJ-PNVk betidanik paper oso garrantzitsua jokatu du oro har azpiegituren sustapenean eta ez dudarik izan hauen transferentzia euskal erakundeei lehentasuna dela alderdi jeltzalearentzat”, laburbildu du.

PARTEKATU