José Antonio Suso: “Euskadiko erakundeek arintasunez jardun dute osasun krisiari aurre egiteko lehen neurriak aplikatzerako orduan”

Araba Buru Batzarreko presidenteak aditzera eman duenez “hurrengo neurriak hartuko dira itxialdiaren amaieraren arabera eta gainerako sektore ekonomikoak noiz eta nola irekiko diren ikusita”
José Antonio Suso: “Euskadiko erakundeek arintasunez jardun dute osasun krisiari aurre egiteko lehen neurriak aplikatzerako orduan”
26 Maiatza | ABB

José Antonio Susok, Araba Buru Batzarreko presidenteak gaur nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren, Aldundien eta Udalen arintasuna Covid-19aren pandemiak ekarri dituen ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko neurriak hartzerako orduan. “Hurrengo neurriak, dagoeneko aztertzen ari direnak, itxialdiaren amaieraren arabera hartuko dira eta gainerako sektore ekonomikoak noiz eta nola irekiko diren ikusita”, esan du alarma-dekretuagatik itxita jarraitzen duten sektore ekonomikoez.

Gaur goizeko lehen orduan irratian egin dioten elkarrizketa batean, ABBko presidenteak nabarmendu du ezinbestekoa dela herri administrazioek inbertsioei eustea “enplegua eta aberastasuna sortzeko iturri gisa, baina krisialdiaren ondorioz gehien sufrituko duten sektoreei laguntzak emateko sistemarekin uztartuz”.

Edozein kautan Susok berretsi duenez gaur egun lehentasuna da “pertsonak zaintzea” eta aitortu du proiektu handi batzuk “denbora baterako alde batean utzi beharko direla”, gaur egungo garapen mailaren arabera. “Salburuako tranbia esleituta dago eta logikoena da lanak aurretik ezarri den epe barruan hastea”, adierazi du. Lehenetsi beharreko jotzen ez diren beste proiektuei dagokienez, Artium museokoa esaterako, Arabako jeltzaleen buruak atzerapenak eman daitezkeela iragarri du. “Arabako Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko udalak beren aurrekontuetan proiektu horretarako dirua aurreikusi zuten arren, aztertu beharko dute lan hori aurrerago egitea egoki jotzen ote duten. Ez litzateke ezer gertatuko horrela izango balitz. Azpiegitura hau burutzeko ahalegina 15 urtetan egin da eta ez litzateke ezer gertatuko epe hori 18 urtekoa izango balitz”. Era berean, José Antonio Susok aurreikusi du AHTa Arabako hiriburura iristeko lanak geldotu egingo direla. “Madrilgo Gobernuak hartu beharko duen erabakia da, baina gauden egoeran eta ekonomiaren bilakaera ikusi arte, gerta daiteke halako lanak atzeratzeko erabakiak hartzea, epeak nahiko estu daudela aintzat hartuta”, esan du.

“Orain egin behar dena da denok batera bultzatzea egoera honetatik irteteko”, esan du Arabako jeltzaleen buruak, Sanchezen gobernuaren jardunari jeltzaleek egin dizkioten kritiken tonua moteltzea eskatuz sozialistek egin duten erreklamazioa gogoratu diotenean. “EAJ ez da tentsiorik eragiten ari. Gauza bat da kritika politikoa egitea eta beste bat funtzionamenduan antzeman diren hutsegiteak salatzea. EAJ kritiko agertu da erabakiak hartzeko moduarekin, bereziki Autonomia Erkidegoak direnean egoeraren zama guztia beren gain hartzen ari direnak. Ez da normala harrizko gonbidatu balira bezala tratatzea”, azaldu du.

PARTEKATU