Itxaso Atutxak baieztatu du aurrekontuen inguruan Eusko Jaurlaritzaren eta EH Bilduren artean adostutakoak agerian uzten duela Urkullu Lehendakariaren borondatea dela “akordioetara iristea”

BBBren presidentearentzat, kontsentsua “berez da albiste ona”, eta pozik agertu da koalizioak “bazter batean utzi duelako horren akordio instituzional handia EAJrekin adosteak ematen zion beldurra”
02
Abendua
2021
BBB
PARTEKATU
02 Abendua 2021 | BBB

Oharra: Elkarrizketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian. 

Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren presidenteak, gaur esan du Eusko Jaurlaritzaren eta EH Bilduren artean aurrekontuen inguruan adostu duten akordioak agerian uzten duela Euskal Exekutiboaren borondatea guztiz benetakoa eta zintzoa izan dela 2022rako aurrekontuen inguruan ahalik eta adostasunik handiena lortzeko. Ildo beretik, argi bezain sendo hitz egin du Bizkaiko burukideak ondorengoa esanez: “Argi eta garbi ikusi da Urkullu Lehendakaria, beste behin ere, benetan ari zela, aurrekontuak aurkeztu zirela akordioetara iristeko borondatearekin,alegia”. Atutxak akordioaz esan du “oso albiste ona dela”, eta pozik agertu da Maddalen Iriartek zuzentzen duen legebiltzar taldeak “bazter batean utzi duelako EAJrekin horren akordio instituzional handia adosteari betidanik izan dion beldurra”.

Herri Irratiari eskaini dion elkarrizketa batean, Bizkaiko EAJ-PNVren presidente andreak “oso berezi” jo ditu 2022rako euskal aurrekontuak “pandemiaren bigarren urtean gaudelako eta Europako funtsak helduko direlako”, beste gauza batzuen artean; eta “hori dena kudeatu egin behar da”, esan du. Horretarako “aurrekontu serioa behar da, sendoa… Euskadin inbertitzeko gaitasunik handiena izango duen aurrekontua izango baita”. Zentzu honetan, Bizkaiko burukideak azpimarratu du aliantza honekin agerian geratu dela Lehendakariak oposizioko alderdiei ez ziela “edukirik gabeko eskaintza” egin, aurrekontuak “akordioetara iristeko borondatearekin” aurkezten zirela baieztatuz. Bere aldetik aitortu du “ilusio handia” egiten diola esker abertzaleak “beste urrats bat” ematea erabaki duela ikusteak, eta esan du EH Bilduk abstentzio bat eta aldeko bozka bat iragarri dituen arren “horrek konplizitate bat iragartzen duela EAJrekin eta PSErekin urtea bukatu arte gutxienez, partida batzuk beren beregi onartzen direlako eta gainerakoen aurrean ez delako zuzenketarik aurkeztu”.

Atutxak era berean gogoratu du Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak planteatu zien eskaintza “jokoz kanpo” utzi zituela eta ikusi zutela “oso zaila izango zitzaiela ezetz esatea, edo gutxienez negoziatzen ez jarraitzea”, eskaintzak “Nafarroan onartu zutena hobetzen zuelako”. Horregatik esan du EH Bilduk ez duela izan “bestelako jarrera izateko aukera handirik” . “Ongi etorriak izan daitezela politikagintza aktibora, eta batez ere akordioen politikagintzara: Berriro ere berandu datozela? Ia gauza guztietara bezalaxe, baina uste dut alderdi onari erreparatu behar diogula, azkenean EH Bildu lanean ikusten dugulako, akordioetara iristeko borondatearekin”, azpimarratu du.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ