Itxaso Atutxaren esanetan alderdi politikoen kontrako erasoak ugaritu izanak agerian uzten du batzuek “ez dutela oraindik pantailatik pasatu”

BBBko presidenteak ezker abertzaleari erreklamatu dio halako jardueren kontrako “jarrera benetan sendoa” erakuts dezala
26 Maiatza | BBB

Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, gaur goizean baieztatu du “batzuek ez dutela oraindik pantailatik pasatu”, alderdi politikoen kontrako erasoak azken asteotan ugaritu egin direla ikusita, eta ezker abertzaleari, Sorturi bereziki, eskatu dio halako jardueren kontrako “jarrera benetan sendoa” erakustea.

Ordezkari jeltzaleak gaur goizean ETB-1eko ‘Egun on Euskadi’ programan eskainitako elkarrizketa batean esan duenez, kaleko giroa neurtzea erraza ez den arren, jendeak helarazten dion mezua da eraso hauen kontra dagoela. “Batzuek ez dute pantaila hori pasatu eta uste dut hori, euskal gizarteak baino, ezker abertzaleak duen arazoa dela; bere baitan duen arazoa”. “Beraiek ere eraso bat jasan zuten Bilboko Alde Zaharrean, eta beraiek dira beren barruko bazterrak asaldatuta dituztenak. Jakin dakit ez dela EH Bildu osoa, baina Sortu da EH Bilduren zatirik handiena eta ikusi ditugu dagoeneko Sorturen ordezkarien adierazpenak. Uste dut beraiek direla beren barruan zerbait konpondu behar dutenak”, baieztatu du.

Ildo beretik gaineratu du argi dagoela ez dela Sortuko inor izan “guri, PSEri edo Elkarrekin Podemos-i pintadak egin dizkiona”, baina alderdi horri eskatu dio “kontrako jarrera benetan sendoa erakustea”. “Ez dute egiten eta ez dakit inoiz egingo ote duten, ez baitakit hori txarto dagoela uste ote duten”, deitoratu du. “Sorturen gaitzespena faltan botatzen dut, alderdi moduan. Lehengo egunean Aizpurua andreak EH Bilduren izenean egin zituen adierazpenak nahiko kezkagarriak izan ziren, ia ia erasoak justifikatzera iritsi zen”, penatu da. “Beti dago hitzen bat arazoa eragiten duena”, eta Bilboko Udalean gertatukoa aipatu du adibide modura: “Bilboko Udaleko taldeek ezin izan zuten bateratu dokumentu bat ‘gaitzespen’ hitza agertzen zelako eta EH Bilduk ez zuelako sinatu nahi izan”.

PARTEKATU