Trantsizio ekologikorako Ministerioaren eta Industriaren arteko “koordinazio etengabea” eskatu du Idoia Sagastizabalek “distortsioak eta ziurgabetasun juridikoa saihesteko”

Diputatu jeltzaleak Ribera eta Maroto ministro andreei erreklamatu die “ibilbide orri bat” prestatzea gai horietan “eskuduntzak dituzten Autonomia Erkidegoekin batera”
20 Otsaila | Kongresua

Idoia Sagastizabalek, EAJ-PNVren Euskal Taldearen barruan energia, ingurumena eta industria gaietarako bozeramaileak, “etengabeko koordinazioa” eskatu du gaur Trantsizio Ekologikorako eta Industriako Ministerioen artean, bereziki energiaren sektoreari dagokionez, “distortsioak eta ziurgabetasun juridikoa saihesteko, enpresen lehiakortasuna galtzea ekar lezakeelako sektorean bertan eta lanpostuetan”.

Laugarren Presidenteorde Teresa Riveraren eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministro Reyes Marotoren agerraldiak eman duen aukera aprobetxatuta, Sagastizabalek biei erreklamatu die Autonomia Erkidegoekin lankidetzarako “ibilbide orri bat” egin dezatela “Autonomia batzuetan eskumen horiek egon badaudelako”. Sagastizabalek gaineratu duenez politikak garatu egin behar dira “lurralde bakoitzaren beharrak aintzat hartuta”.

Bilkuran diputatu jeltzaleak nabarmendu ditu Euskadiko BPGan industriak duen garrantzia eta erakundeek produkzio sektore honen alde hitzeman duten apustu irmoa. Ildo beretik erreklamatu du “industria politika epe laburrerako erabakiekin ez hipotekatzea eta industria sektoreari laguntzea industrializazio iraunkor eta zirkularrerako bidea egiten”. Zentzu berean, industria politika “transbertsala” aldarrikatu du “trantsizio ekologikoaren, ekonomia, zientzia, berrikuntza eta hezkuntzaren eskutik joango dena”. “Traineruan bezala egin behar da, denok batera boga eginez, eta gai honekin zerikusia duten ministerio guztiek egin beharko lukete, gainera”, laburbildu du.

Izan ere, eta beharrezko jotzen duen koordinazio honen inguruan ere, Sagastizabal kezkatuta agertu da energia politikaren bi alderdik euskal ekonomian eragina duten bi gairengatik. Horrela, mugikortasun alternatiboa bultzatu beharra defendatu du “parke mugikorraren berrikuntza sustatuz eta trantsizio aldiak ezarriz, teknologiarik diskriminatu gabe” eta baterako sorkuntzaren ordainsari-parametroen “berrikusketa” eskatu du.

Amaitzeko, Sagastizabal mesfidati agertu da industria gaien inguruko Estatu hitzarmenen aurrean, bere ustetan “ez dutelako ekintza zehatzik bideratzen” eta gogora ekarri duenez “Espainiako industriaren konektibotasun baxua arazo bat da hazkunde iraunkorrari begira” eta “epe luzerako estrategia jarraitua” erreklamatu du “eragile guztiak inplikatuz”.

PARTEKATU