Euskal Taldea, AENAk kobratzen dituen alokairuak berrikustearen alde

Diputatu jeltzaleek Senatuan aurkeztu den zuzenketaren alde bozkatu dute, AENAk aireportuetako dendekin dituen kontratuak modifikatzea xede duena
23 Iraila | Kongresua

Diputatuen Kongresuko Euskal Taldea AENAk aireportuetan kobratzen dituen alokairuak berrikustearen alde agertu da gaur, eta, ondorioz, diputatu jeltzaleek Senatuaren zuzenketaren alde bozkatu dute, kontratu horiek aldatzea proposatzen baitu.

Iñigo Barandiaranek, EAJ-PNVren bozeramaleak, zuzenketa babestu du osoko bilkuran, alde biak ados jarri ez direlako. "Orain arte ez dugu irizpiderik eman negoziazioari aukera bat emateko, baina zoritxarrez ez da halakorik eman".

Zentzu honetan, Barandiaranek kritikak bideratu ditu AENA enpresarantz, bere esanetan “ez baita gai izan errentariekin akordio bat adosteko, eta horrek agerian uzten du gestio eskasa egin dela”. “Gainera, ez dator bat Covid-19aren ondorioak arintzera begira Estatuan dagoen legeriaren printzipioekin”, gaineratu du.

Onartutako testuari jeltzaleek “babes kritikoa” eman diotela berretsi ondoren, Barandiaranek “ekitatea” aipatu du testuaren alde bozkatzeko arrazoien artean: “Ez da onargarria interes orokorrekotzat kalifikatutako aireportu-zerbitzu bateko errentariei ezartzea negozio pribatuetako lokaletako gainerako errentariek bete behar ez dituzten baldintzak; ez, behintzat, Covid-19a dela-eta aurreikusitako ondorioen aurrean”, amaitu du.

PARTEKATU