Pentsioen kudeaketan belaunaldien artean ezarri nahi den ekitate-mekanismo berriaren alde agertu da EAJ-PNV

Iñigo Barandiaran diputatu jeltzaleak aditzera eman duenez EAJ-PNVk Pentsioen erreformaren lehen zatiari baiezkoa bozkatu dio “gaurko eta biharko pentsioak bermatzeko ahalegina egiten delako”, hau da, “kopuruak ez murriztea” bilatuz
22 Azaroa | Kongresua

Kongresuko Euskal Taldeak Pentsioen erosahalmena bermatzeko lege-proiektuaren eta pentsioen sistema publikoaren finantza- eta gizarte-iraunkortasuna indartzeko beste neurri batzuen alde bozkatu du gaur goizean Lan, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Batzordean. Pentsioen Sistema Publikoaren erreformaren lehen zati honetan belaunaldien arteko ekitate-mekanismo berria sartzen da, gizarte-kotizazioak 0,6 puntu igotzea aurreikusten duena.

Iñigo Barandiaranek, EAJ-PNVk Gizarte Segurantzaren alorrean duen bozeramaileak, jeltzaleen aldeko bozka iragarri du, gaurko eta biharko pentsioak bermatzeko ahalegina egiten dela iritzita. "Etorkizuneko pertsonen pentsioak mugatzeko edo kapitalizatzeko modu berriak bilatzeko aukeraren artean, belaunaldien arteko ekitate-mekanismo berria, nire alderdiarentzat beti izango da bigarren aukera", adierazi du.

Hitza hartu duenean Barandiaranek gogorarazi du gauza jakina zela Toledoko Itunean pentsioen etorkizuna diru-sarrera modu berri batzuk lortzearekin lotuta zegoela, edo pentsioak kalkulatzeko formulak, iraunkortasunaren faktoreak jasotzen zuen bezala, ondorio gisa mugatuagoak izatea.

Azkenik, diputatu jeltzaleak adierazi du deigarri egin zaiola hain beharrezkoa den gai batek horren polemika handia piztu izana: "Nahiko nuke pentsioen esparruan zerbait desberdina gertatzea, garrantzitsuegiak direlako; gizarte-sistemaren eta akordio politikoen ardatz egituratzailea izaten jarraitzea, eta sistema zuzentzeko saiakerak eremu politikoan jaurtitzeko arma gisa erabili ez izatea".

PARTEKATU