EAJ-PNVk alarma-egoeraren luzapenaren alde bozkatu du “erreklamatzen ditugun kogobernantzan, lankidetzan eta elkarrizketan sakontzen duelako”

Aitor Estebanek balioetsi du Espainiako gobernuak jeltzaleen proposamenak aintzat hartu izana, besteak beste hezkuntza alorrerako aurreikusi zena, eta deseskalatze-prozesua EAJ-PNVk markatutako ildotik moldatu izana, hau da, “akordioen bidez eta lankidetzaren bidetik”
20 Maiatza | Kongresua

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, hizlarien tribunatik baieztatu du EAJ-PNVko diputatuek baietza bozkatuko dutela Espainiako Gobernuak alarma-egoera luzatzeko egin duen proposamenaren bozketan. “Planteamendua doa (alarma-egoeraren luzapenarena) EAJ-PNVk mahaigaineratu duen ildo beretik eta, elkarrizketaren bidetik eta lankidetzaren bidez aurrera egiten den neurrian eta guk hasieratik planteatu ditugun neurriak aintzat hartu direnez, une honetan EAJ-PNVren botoak jasoko dituzu alarma-egoera luzatzeko”, iragarri dio Estebanek Pedro Sánchezi.

“Oraingo honetan, kogobernantzan sakonduko dugu, elkarrekin adosteko ahaleginean, eskutik joateko, elkarlanean, jakinik Autonomia Erkidegoak direla tokian tokiko egoera ondoen ezagutzen dutenak eta pandemia kontrolatzeko neurriak ondoen aplikatu ahal dituztenak”, esan dio bozeramaile jeltzaleak osoko bilkuran hitza hartu duenean.

Estebanek gogora ekarri du EAJ-PNV izan zela azken luzapenari buruzko eztabaidan `kogobernantza´ kontzeptua sartu zuena, erabakiak hartzeko prozesua Autonomia Erkidegoekin partekatzeko, Autonomia Erkidegoetako Gobernuek beren eskuduntzak berreskuratzen has daitezen eta Autonomietako presidenteek protagonismo handiagoa izan dezaten , Euskadiko kasuan Urkullu Lehakariak. “Elkarrizketa horretan sakontzen den neurrian, gauzek funtzionatu egiten dute”, berretsi du. “Zuzena izan zen autonomietako presidenteen eskuetan jartzea akordioak garatzeko erantzukizuna”, nabarmendu du.

Estebanek, era berean, gogora ekarri du Espainiako gobernuak jeltzaleek eginiko beste eskari bat jaso duela, Estebanek berak laugarren luzapenaren eztabaidan azaldu zuena, alarma-egoera asimetrikoki kentzeko aukeraren inguruan. “Urrats hori eman dugu, garrantzitsua da: gerta liteke egunen batean toki batzuetan alarma-egoera beharrezkoa ez izatea eta beste toki batzuetan bai, eta hori jasota dago”, baieztatu du. Era berean, Esteban poztu da indarrean dagoen dekretuak jasotzen duelako barrendegien egoera berezia, hori ere EAJ-PNVren erreklamazioan planteatu zen kontu bat delarik.

PARTEKATU